Politika -
Epaiketaren aurreneko saioa
Marguello: 'Osasun Sailak kontratatutako enpresa baten bazkide sinbolikoa nintzen'
“Ez nintzen sekula enpresan nahasi; ezta kontratuak lortzeko erakunde publikoekin bitarteko lanak egin ere”, adierazi du Gurutzetako Ospitaleko Kalitate buruzagi ohiak.
Agentziak | Erredakzioa
Gestion de Servicios Sanitarios XXI enpresan % 1eko parte-hartze “sinbolikoa” izan zuela bakarrik ziurtatu du gaur Jose Carlos Marguello Gurutzetako Ospitaleko Kalitate buruzagi ohiak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak itxarote-zerrendak kudeatzeko kontratatu zuen enpresa, 2006an. Gabriel Inclanek (EAJ) zuzentzen zuen Saila.
“Ez nintzen sekula enpresan nahasi, ez aldez aurretik, ez lehenago, ez gero; ezta kontratuak lortzeko erakunde publikoekin bitarteko lanak egin ere”, adierazi du Marguellok epaiketako lehen saioan, Bizkaiko Lurralde-auzitegian. Prebarikazioa, diru publikoak bidegabe erabiltzea, administrazio publikoaren kontrako iruzurra eta funtzionario publikoen arteko negoziaketa egotzi dizkiete.
Marguellorekin batera, Maria Nieves Fernandez enpresa horren eta Rehabilidomen ustezko izen-mailegatzailea, Jose Ramon Elorriaga Bizkaiko burua garai hartan, eta Rafael Cerdan Osasun sailburuorde ohia akusatuen aulkian daude.
Esleipenetan izandako irregulartasunengatik diru-kutxa publikoek 6,8 milioi euroko galera izan zutela uste du Fiskaltzak. Aurreneko hiru akusatuei 11 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du fiskalak, eta Cerdani 6,5 urteko kartzela-zigorra. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak galdutako dirua berreskuratzea soilik eskatu du auzian.
Maria Nieves Fernandez ‘adiskidea laguntzeagatik’
Gestion de Sevicios Sanitaros XXI enpresan Maria Nieves Fernandez “adiskidea laguntzeagatik” sartu zela azaldu du Marguellok, baina konpainiaren eguneroko lanean “sekula” nahasi ez zela erantsi du. Horrela, ez zuen sozietatetik kobratu, ezta administrazioak kontratu bat emateko negoziazio "formalik edo informalik" egin ere, gaineratu duenez.
Enpresa horren izenean klinika pribatu batekin kontratu bat sinatu zuen Marguellok. Une horretan Maria Nieves Fernandez bidaia egiten ari zelako “bakarrik” sinatu zuela azaldu du auzipetuak. Ezer gehiago egin ez zuela ziurtatu du.
Bestalde, Gabriel Inclan Osasun sailburu ohiaren lagun mina dela onartu du Marguellok. Enpresa honen sorreraren inguruan sailburu ohiarekin hitz egin ez zuela aitortu du.
Maria Nieves Fernandezek, Marguelloren bertsio bera
Marguelloren bertsioa berretsi du Maria Nieves Fernandezek. Enpresa berak kudeatzen zuela ziurtatu du Fernandezek, sare publikoaren itxarote-zerrendak arintzeko helburuarekin.
Pazienteak klinika pribatura bideratzeko lana zuen; Marguellok hitzarmena sinatu zuen klinika horrekin. Medikuen taldea sare publiko zein pribatutik zetozen profesionalekin osatu zuela azaldu du Fernandezek.
Preseski, bitartekorik gabe klinikarekin “zuzenean” hitzartzeko aukera zergatik baztertu zuten galdetu diote Jose Ramon Elorriaga Bizkaiko arduradun ohiari. Mutualitateengatik ezinezkoa zela erantzun du Elorriagak.
Bestalde, Elorriagak enpresa baten bidez itxarote-zerrendak arintzeko proposamena egin ziola azaldu du Cerdanek. Saileko teknikarien aholkua jaso ondoren, eragozpenik ez zegoela egiaztatu eta sinatu zuela azpimarratu du sailburuorde ohiak.
Fiskaltzaren lekukoekin jarraituko du epaiketak astearte honetan. Besteak beste, Rafael Bengoa (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak deklaratuko du. Ustezko irregulartasunak antzeman zituen Bengoak.