Politika -

INDARKERIA KIROLEAN

Indarkeria babesten duten pertsonak ez onartzeko eskaera, Legebiltzarrak taldeei

Indarkeriak kirolean duen tokiaz eztabaidatu du Eusko Legebiltzarrak eta azkenean EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako testua aurrera atera da. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira.

Erkoreka, Urkullu eta Goirizelaia, Eusko Legebiltzarrean. EFE
Erkoreka, Urkullu eta Goirizelaia, Eusko Legebiltzarrean. EFE
Erkoreka, Urkullu eta Goirizelaia, Eusko Legebiltzarrean. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak neurriak hartzea eskatu die kirol taldeei, indarkeria babesten duten, jarrera intolerante edo kirolaren kontrako balioak dituzten pertsona edo taldeak bere masa sozialeko parte izan ez daitezen. Zehatz mehatz esanda, sarrerako edota diziplinazko prozeduratan neurri "zehatzak" hartzea aldarrikatu du.

Elkarrekin Podemos eta PPren ekimenez, kirolaren inguruko indarkeria izan dute eztabaidagai Legebiltzarrean. Otsailean Athleticek eta Moskuko Spartak taldeek San Mamesen jokatu zuten Europa Ligako partidaren atarian istilu larriak izan ziren bi taldeetako jarraitzaileen artean, eta Inocencio Alonso ertzaina hil zen, bihotzekoak jota.

Halaber, atzo, Athletic eta Marseillako Olympique taldeek Bilbon jokatu zuten Europako Ligako partidaren baitan, Olympiqueko jarraitzaileek bi segurtasun zaindari zauritu zituzten San Mamesen. Eraso horien harira, hiru jarraitzaile frantziar atxilotu zituzten.

Eztabaidaren ondoren, EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako testua aurrera atera da. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, ostera, abstenitu egin dira. Azken bi talde horiek beste testu bat aurkeztu dute, baina ez dute behar adinako babesik jaso.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak Inocencio Alonso ertzainaren heriotza deitoratu du eta dolumina adierazi die senide, lagun eta lankideei. Halaber, "kirolaren aitzakian gertatzen diren indarkeriazko jarrera guztiak" baztertu ditu eta kezka adierazi du "gizonezkoen futbol profesionalaren baitan gertatzen ari diren indarkeriazko pasarteengatik".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola estatuko azken ordukoa Politika EAJ-PNV Bilboko azken albisteak Athleticen zelai berria Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Nafarroa PSE-EE Euskadiko PP bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Euskadiko Podemos-eko albisteak