Politika -
DE MIGUEL AUZIA
Alberdiren aitak esan du De Miguelek ohartarazi ziola alabak arazotan sar zezakeela
De Miguelekin Gasteizko jatetxe batean bazkaltzeko gelditu zela eta bazkari horretan diru kontuak zirela tartean esan omen zion, gehiago zehaztu gabe.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Antonio Alberdik lekuko gisa deklaratu du gaur Arabako Probintzia Auzitegian, hain zuzen ere, ustez legez kanpoko komisioak kobratzeagatik Arabako EAJko hainbat buruzagi ohi auzipetuen aulkian eseri dituen "De Miguel" kasua argitara eman zuen abokatuaren aitak. Epailearen aurrean Juan Antonio Alberdik azaldu duenez, 2009. urtearen amaieran Alfredo De Miguel Arabako EAJko bigarrena izandakoak telefonoz deitu zion bere alabak arazotan sar zezakeela ohartarazteko.
Pasa den urtarriletik Arabako Probintzia Auzitegian egiten ari diren "De Miguel" auziko epaiketan, guztira 26 pertsona eseriko dira auzipetuen aulkian, tartean, Alfredo de Miguel Arabako EAJko bigarrena izandakoa eta Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJren Arabako zuzendaritzako kide ohiak.
2009an Fiskaltzaren aurrean Ainhoa Alberdi abokatuak salatu zuenez, 100.000 euroko legez kanpoko komisioa ordaintzera behartu nahi izan zuten, bere enpresari 2006an (Urbanorma Consulting SL) Miñaoko Teknologia Parkea handitzeko kontratu bat esleitu ziotelako. Esandakoa baieztatzeko, Alberdik grabagailua eta dokumentuak eman zizkion fiskalari.
Ainhoa Alberdiren aitak bere deklarazioan azaldu duenez, De Miguelek berak deitu zion telefonoz 2009. urtearen amaieran bere alabak arazotan sar zezakeela esateko. Gaineratu duenez, berarekin bazkaltzeko gelditu zen Gasteizko jatetxe batean eta hitzordu horretara ordura arte ezagutzen ez zuen Aitor Telleria ere azaldu zen. Bazkari hartan esan zioten bere alabak "zorra" zuela beraiekin, gehiago zehaztu gabe. Tartean "zerbait arraroa" zegoela pentsatuta, beste bazkari baterako hitzordua jarri zutela esan du. Alabari gaiaz galdetuta, kontu horretan ez sartzeko eskatu ziola nabarmendu du eta erantzun hori mahaigaineratu ziela geroago Sondikan De Miguel eta Telleriarekin egindako bigarren bazkarian.
Bigarren hitzordu horretan, "zorrak" alderdiarekin zerikusia ote zuen galdetu zien Alberdiren aitak De Miguel eta Telleriari eta hauek ezetz, "pertsonen kontua" zela. Zorraren zenbatekoa esan ziotenean (20 milioi pezeta), "asko" iruditu zitzaiola eta ia zorabiatu egin zela onartu du.
Hari horri tiraka eta Jaime Tapia epaimahaiko presidentearen galderei erantzunez Juan Antonio Alberdik ziurtatu du alderdiak ez duela zer ikusirik izan.
Juan Antonio Alberdik ez ezik, Beatriz Vicinay Ainhoa Alberdi abokatuaren egungo bazkideak ere deklaratu du. Ainhoa Alberdik epailearen aurrean esandakoa berretsi du, hots, De Miguelek eta Telleriak 100.000 euroko ordainketa eskatu zietela. Haren hitzetan, diru kopuru horrek ez zeukan zorrarekin zerikusirik, "esleipenagatik eskatutako komisioa" zen. Halaber, "babes" neurri gisa elkarrizketak grabatu zituztela eta horiek ez zituztela manipulatu azpimarratu du.