Politika -
EPAIKETA, APIRILAK 16
'Altsasu kasuaren injustizia' salatzeko martxa egingo dute Nafarroan
'Altsasuko zortzi familia hauek nozitzen ari direna justiziaren erabilera makurraren ondorio da' esan dute ekimenaren antolatzaileek, Nafarroako 44 elkarte eta erakundek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako 44 elkarte eta erakundek deituta, bira bat egingo dute Erkidego osoan zehar otsailaren 24tik martxoaren 25era, Altsasuko 8 gaztek 2016ko urrian guardia zibilarekin izandako liskarraren ondorioz jasaten ari diren "injustizia" salatzeko.
"Zortzi familia hauek nozitzen ari direna justiziaren erabilera makurraren ondorio da" esan dute antolatzaileek, eta ildo horretan, izen handiko legelariek, erakunde publikoak eta gizarteak berak horrela adierazi dutela nabarmendu dute.
Martxaren deitzaileek salatu dutenez, kasu honek demokrazioan bermatuta behar luketen "oinarrizko eskubide eta printzipioak urratu ditu": errugabetasun presuntzioa, epaile naturalaren eskubidea, legearen erabilera ez estentsiboa, proportzionaltasun printzipioa, defentsa eskubidea eta askatasun eskubidea. Zentzu honetan, martxoan Nafarroako Lurralde Auzitegiak kaleratu zuen autoa nabarmendu dute. Bertan, Auzitegiak zioen terrorismo zantzurik ez zegoela 2016ko gertaeretan eta, beraz, Nafarroan egin beharko litzatekela instrukzioa.
Aitzitik, apirilaren 16an hasiko da epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta fiskaltzak 375 urte eskatu ditu zortzi akusatuentzat. Horietako hiruk, gainera, urte eta erdi baino gehiago daramate kartzelan.
Epaiketaren aurretik, "modu presentzial eta pluralean" zabaldu nahi dute kasuaren inguruko informazioa Nafarroa osoan. Zangotza eta Pirinioetan hasiko da ibilaldia otsailaren 24an eta martxoaren 25ean amaituko da Erriberan. Tarten, beste hainbat tokitan izango da, martxoaren 17an, adibidez, Iruñan.