Politika -
Kontrolerako saioa
Urkulluk autogobernuari buruzko akordio 'anitz eta zabala' proposatu du
Espainiako Gobernuaren asmo zentralizatzaileen aurrean, alderdi ezberdinen arteko akordio hori euskal gizarteak berrestu beharko lukeela uste du lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren asmo zentralizatzaileen aurrean, EAEko estatus politikoa erreformatzeko akordio "anitz eta zabala" lortzearen alde egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta gero akordio hori oinarri hartuta, euskal gizarteari "proposamen zehatza" helaraztea, berrets dezan.
Autogobernua garatzeko dituen asmoen inguruan Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez egin ditu adierazpenok Urkulluk, Eusko Legebiltzarrean gaur egin duten kontrolerako saioan.
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak berriki esandakoak gogorarazi dizkio Urizarrek lehendakariari. Autonomien eskuduntzak Espainiako Gobernuaren esku berriro geratzearen aukera iradoki zuen ministroak.
EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, "egoerak okerrera egingo du, eta herri bezala prest egon behar gara erantzuteko". Urizarren hitzetan, Kataluniako auziarekin Espainiako Gobernuak agerian utzi du "herri moduan ditugun eskubideak urratzeko gai" dela.
Autogobernuaren defentsa
Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzearen kontra azaldu da Urkullu, eta Catalaren adierazpenak ere "oso larriak" direla adierazi du.
Ingurumaria horretan, "autogobernuaren defentsarekin eta Gernikako Estatutua bururaino eramatearekin" duen konpromisoa berretsi du lehendakariak.
EH Bilduri eskaintza
Lehendakariak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat "marko politiko berria" osatzea eta Gernikako Autonomia "gaurkotzea" direla, eta Legebiltzarrean horretarako propio eratutako lantaldea goraipatu du.
EH Bilduri zuzenduta, autogobernuaren inguruko proposamenak lantalde horretan egiteko gonbita egin dio. Horrez gain, euskal eskuduntzak "baldintzatu edo mugatzeko" Estatuak egin ditzakeen ekintzak salatzeko lankidetzan aritzea proposatu dio.