Politika -

Politika orokorreko eztabaida

'Autogobernu gehiago eta hobea' lortzeko akordio zabala eskatu du Urkulluk

Osteguneko eztabaidan egingo duen hitzaldiaren lerro nagusiak aurreratu ditu lehendakariak, eta autogobernua erreformatzeko 'akordio integratzaile' baten alde egin du.

Urkullu, Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Urkullu. EFE
Urkullu: 'Euskadik duen autogobernu eredua eraginkorra da'

1:37

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegunean, Eusko Legebiltzarrean egingo den Politika Orokorreko Eztabaidan, euskal autogobernuaren defentsa egingo du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta hura erreformatzeko eta eguneratzeko "adostasun handia" eskatuko du.

Osteguneko eztabaidan egingo duen hitzaldiaren lerro nagusiak aurreratu ditu Urkulluk. Ganberan osatuta dagoen Autogobernu Lantaldean "adostasun handi bat" egotea eskatuko du, "autogobernu gehiago eta hobea" lortzeko.

Halaber, Euskadiri formalki eta legez aitortzen zaizkion, baina oraindik transferitu ez zaizkion eskumenak erreklamatuko ditu lehendakariak. Horretarako, Espainiako Gobernuari zein Autogobernu Lantaldeari igorriko zaion txosten "zorrotz eta eguneratua" izango du oinarri. Txostenak Gernikako Estatutua osorik bete dadin erraztea du helburu.

Urkulluren iritzian, "autogobernuaren euskal ereduak bere eraginkortasuna erakutsi du", eta oinarri sendoak ditu. Aurrerantzean, proiektuaren erreforman, "adostasun ahalik eta zabalena bilatzea" defendatuko du lehendakariak, "akordio integratzailean aurrera egin eta autogobernu gehiago eta hobea" lortzeko.

Espainiako Gobernuarekin azken hilabeteetan lortutako akordioak nabarmendu eta aletu ditu lehendakariak hedabideei zein Legebiltzarreko taldeei igorritako dokumentuan. Garrantzi politiko eta instituzional handikoak dira, horren ustez, Kupoaren edo Ertzaintzaren plantillaren inguruan erdietsitakoak, eta aldebikotasuna berresten dute. "Aldebiko harreman-bidea euskal Autogobernuaren giltzarria da", adierazi du.

Azpimarratu duenez, "Euskadi berri, burujabe, solidario, kohesionatu eta ekonomikoki garaturako proiektua gauzatuko bada, elkarlana eta osagarritasuna hartu beharko dira parametrotzat. Bide bakarra dago: elkarrekin lan egitea".

Bizikidetza eta giza eskubideak

Arlo honetan, Euskadi "indarkeriaz eta terrorismoz betetako garai ilun eta traumatiko batetik" atera berri dela gogorarazi du lehendakariak, eta oraindik "sendatu ez diren sufrimenduak eta bidegabekeriak utzitako zauri ugari" daudela nabarmendu du.

Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan berria (2017-2020) hartu du hizpide Urkulluk, eta orain arte emandako urrats batzuk eta lortzeke dauden helburuak aletu ditu. Hori horrela, 2017ko apirilaren 8ko "ETAren legezko, behin betiko eta baldintzarik gabeko armagabetzea" azpimarratu du. Lehendakariaren iritzian, pauso "behar-beharrezkoa" izan da indarkeriaren amaiera antolatua lortzeko prozesuan.

Gogora Institutuaren sorrera eta orain arte aitortzarik ez zuten biktimei legezko aitortza ematea ere nabarmendu ditu.

Erronkei dagokienez, besteak beste, bat aipatu du: "Zigor-, espetxe- eta birgizarteratze-politikari buruzko politika normalizatzea eta bake bidean jartzea, legezko printzipioak errespetatuz".

Lehendakariak uste du plan hau onartzeak "galdu ezin dugun aukera bat" ematen duela, eta, horren ildoan, espero du gai honen inguruan Eusko Legebiltzarrean osatutako lantaldeak (PP ez beste talde guztiak daude bertan) fruitua ematea eta Legebiltzarreko alderdi politiko guztiek parte hartzea.

Gobernu Programaren lau ildoak

Ekonomia alorrean, Suspertze Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Esparru Programa berria (2020) izango du ahotan. 8.800 milioi euro bideratuko dituzte langabezia-tasa % 10etik behera jartzeko.

Hitzaldian, legegintzaldi honetako bere lehen urtearen balantzea egingo du Urkulluk. Emandako datuen arabera, Gobernu Programan hartutako 175 konpromisoetatik 165 jarri dituzte martxan, eta 15 plan estrategikoetatik 10 daude indarrean jada; gainerako bostak aurten onartuko dira.

Bestalde, programaren lau ildo nagusiak (giza garapena, enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzea, bizikidetza eta autogobernua) bultzatzeko hartutako neurriak azalduko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Azken albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Alderdi politikoak bideoak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa