Politika -
Deustobarometro
Hiru hiritarretik bik autogobernua mantendu edo handitu nahi dute EAEn
EAJren eta Podemosen hautesleek autonomia gehiago nahi dute, EH Bildukoek independentzia, PSE-EEkoek berdin jarraitu eta, PPkoek, autogobernu gutxiago.
Agentziak | erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiritarretik bik gaur egungo autogobernua mantendu (% 28,6) edo handitu (% 38,1) nahi du, aldiz, % 16,9 independentziaren alde dago, Deustobarometroak emandako datuen arabera.
Hautesleei dagokienez, EAJren eta Podemos Euskadiren hautesleek autonomia gehiago nahi dute, EH Bildukoek independentzia, PSE-EEkoek berdin jarraitu eta, PPkoek, autogobernu gutxiago.
Deustuko Unibertsitateak sei hilabetean behin egiten duen txostena egiteko, telefono bidezko 1.000 dei baino apur bat gehiago egin zituzten, ekainaren 1 eta 12 bitartean, eta errore tartea % 3,21ekoa da.
Euskadiren independentziari buruzko erreferenduma egin nahi duten hiritarren ehunekoa zazpi puntu jaitsi da, % 49tik % 42ra, baina % 67k herriko arazoen gaineko galdeketak egitea nahi dute, eta beste % 60k, arazo ekonomikoen inguruan.
Kataluniaren prozesuaren inguruan ere galdetu diete elkarrizketatuei, eta % 45 aurka eta % 31 alde agertu da.
Bestalde, ETAren amaierari buruzko gaian, hiritarren % 82k uste du ezin dela inoiz indarkeriaren erabilera justifikatu helburu politikoak lortzeko, eta indarkeria babesten duen taldetik, gehienak 55 urtetik gorakoak dira.
Halaber, gehiago dira (% 42,4) ETAko presoei egindako omenaldiek terrorismoa justifikatzen ez dutela uste dutenak, kontrako iritzia dutenak baino (% 34,7).
Lehen seihilekoan izan diren beste gaiei dagokienez, % 48 EAJk eta PPren Gobernuak egindako itunaren aurka agertu da (% 28k babesten du). harrera hobeagoa izan du, aldiz, Jaurlaritzako alderdiek (EAJ-PSE-EE) PPrekin egindako akordioa: % 37, alde; % 35,8, aurka.