Politika -
Altsasuko auzia
Altsasuko gazteen senideek senatari eta diputatuen babesa jaso dute
88 diputatu eta senatarik manifestu bat sinatu dute, eta auzipetuei terrorismo delitua ez leporatzeko eta auzia Nafarroara itzultzea eskatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Altsasuko erasoaren auzian auzipetutako gazteen senideek Espainiako Diputatuen Kongresuko oposizioko hainbat ordezkarien babesa eta elkartasuna jaso dute gaur.
Unidos Podemos, IU, EAJ, PDeCAT, ERC, En Marea, Compromis eta EH Bildu taldeetako 74 diputatu eta 14 senatarik agiria sinatu dute eta senideen aldarrikapenak bere egin dituzte. Horrenbestez, terrorismo delitua ez leporatzeko eta auzia Nafarroara itzultzea eskatu dute. Auzipetuek ere eskari hori egina diote Iruñeko auzitegiari eta datozen asteotan hartuko du horri buruzko erabakia.
Gainera, "proportzionaltasun falta" eta auzipetuen bermeak urratu direla salatu dute.
Oskar Matute EH Bilduko diputatuak azpimarratu duenez, ahal duten guztia egingo dute "demokraziaren aurkako eraso hau iraultzeko".
Bestalde, senideek azpimarratu dute terrorismo delitua leporatzen badiete 10-15 urte bitarteko kartzela zigorra ere jaso dezaketela.