Politika -

Eraketa

Autogobernua Eguneratzeko Ponentziak ibilbidea hasi du Legebiltzarrean

Gernikako Estatutua erreformatzea du helburu, Euskadiko autogobernua eguneratzeko. Alderdiek euren proposamenak eta datozen hilabeteotarako egutegia aurkeztuko dituzte 15 egun barru.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Autogobernua Eguneratzeko Ponentziak lehen urratsa eman du gaur, ostirala, Eusko Legebiltzarrean, eta eratu dute jada. Taldeetako ordezkariek 15 egun barru berriz biltzea erabaki dute, baina ez dute data zehaztu.

Lantaldea eratzeko bilera ohiko kontrolerako saioa hasi baino lehen egin dute, eta lantaldearen lanak koordinatuko dituen pertsona ere aukeratu dute bertan. Aurrekoan bezala, Jone Berriozabal jeltzaleak hartu du ardura hori.

Aurreko urtarrilaren 26an, Eusko Legebiltzarrak organoa sortzea onartu zuten, Jaurlaritza osatzen duten alderdiek (EAJ eta PSE-EE) eta Elkarrekin Podemosek. EH Bildu abstenitu egin zen, eta PP bertan parte hartzen ari da, horren aurka bozkatu zuen arren, horren helburuekin mesfidati.

Lantaldeak aurreko legealdian hasitako lanei berrekingo die, autogobernua "eguneratzeko eta erreformatzeko oinarriak" hartzeko, "modu ireki baina zehatzean", Gernikako Estatutua erreformatzeko testuaren zirriborroa lantzeko asmoz.

Gaurko bileran, ez dute hurrengo bilera egiteko data zehatzik jarri, baina 15 egun barru biltzea erabaki dute. Alderdiek orduan aurkeztuko dituzte euren proposamenak, datozen hilabeteotarako egutegia eta agerraldien eskariak.

EAJk Jone Berriozabal, Joseba Egibar eta Iñigo Iturrate izango ditu lantaldean jeltzaleen ordezkari bezala; PSE-EEk, Idoia Mendia, Jose Antonio Pastor eta Eneko Andueza; EH Bilduk, Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno eta Pello Urizar hautatu ditu; Elkarrekin Podemosek, Lander Martinez, Cristina Macazaga eta Jon Hernandez; eta Euskadiko PP, berriz, Borja Semper, Anton Damborenea eta Carmelo Barrio legebiltzarkideek ordezkatuko dute.

Autogobernua eguneratzea Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako aurkeztu zuen programaren ardatz nagusietako bat da. Iñigo Urkullu lehendakariak beharrezkotzat jo du Estatuarekin estatus berri bat lortzea datozen lau urteetan, eta Legebiltzarrak adosten duena izango da horren oinarria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra albisteak Alderdi politikoak EH Bildu Gipuzkoa EA Bizkaia PSE-EE Gaurko azken ordukoa Euskadiko Podemos-eko albisteak