Politika -

EAEAN-ren epaia

Jaurlaritzak helegitea jarriko dio 35 orduko lan-astearen epaiari

Auzitegi Gorenak erabakia hartu bitartean administrazio publikoko euskal langileek 35 orduko lan-astea izango dute.

Josu Erkoreka. Artxiboko argazkia: EiTB
Josu Erkoreka. Artxiboko argazkia: EiTB
Josu Erkoreka. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko du 35 orduko lanaldia baliogabetu duen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurka. Beraz, Auzitegi Gorenak Urkulluren Gobernua tramitera onartu ala ez erabaki bitartean administrazio publikoko euskal langileek 35 orduko lan-astea izango dute, Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) aintzat hartu du Estatuko Abokatutzak Eusko Jaurlaritzak aurtengo otsailean onartutako dekretuaren aurka jarritako helegitea. Aipaturiko auzitegiak ontzat hartu du Estatuko Abokatutzaren tesia. Haren esanetan, Espainiako Gobernuak 2012an onartutako dekretua (37,5 orduko lanaldia ezartzen zuena) otsailean Jaurlaritzak onartutakoaren gainetik dago. Eusko Jaurlaritzak otsailean 1.592 orduko lanaldia ezarri zien administrazio publikoko langileei 2016rako, hots, 35 orduko lan-astea.

Gaurko Gobernu bileran epaitegietako ebazpena aztertu eta eztabaidatu ostean, Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkeztea erabaki du.

Orain, Jaurlaritzaren helegitea tramitera onartzen duen ala ez ebatzi beharko du Auzitegi Gorenak, eta errekurtsoa onartuz gero, erabaki. Bien bitartean, administrazio publikoko euskal langileek 35 orduko lan-astea izango dute.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu bileraren ondorengo prentsaurrekoan azaldu duenez, "eztabaidaren jatorria" Espainiako Aurrekontu Orokorren 2/2012 legean onartutako xedapen gehigarri batean dago. Haren esanetan, 30 urtean tokian tokiko administrazio publikoak izan du funtzionario publikoen lan-astea ezartzeko ardura, harik eta Mariano Rajoyk "gehiengo absolutua lortu" eta xedapen hori onartu zuen arte.

Urkulluren hitzetan, autonomia erkidegoen eta administrazio autonomikoen gaitasunean "muturra sartzea da". Hori dela eta, Jaurlaritzak epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragartzeaz gain, Espainiako Diputatuen Kongresuko eta Senatuko talde parlamentarioei aipaturiko xedapena ezabatzeko deia egin die Erkorekak.

Ertzaintzaren 26. promozioa baliogabetzeko helegitea jarri du Espainiako Gobernuak

Halaber, Jaurlaritzako bozeramaileak hizpide izan du Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren 26. promozioa baliogabetzeko iragan ostiralean EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztutako helegitea (250 agenteri eragiten die). Aurrez, Estatuko Abokatutzak helegitea aurkeztu zuen irailaren 28an.

Erkorekaren esanetan, "Espainiako Gobernuak aurrez zezakeen beste eraso bat da", eta "inork ez du ulertzen". Are gehiago, bi gobernuen arteko "elkar ulertze giroa" urratzen duela uste du. "Helegiteak aurkezteko jarrera hori ez da ulertzen eta Eusko Jaurlaritzak erasotzat hartzen ditu", nabarmendu du.

Ertzain kaltetuak birkokatzeko ekitaldi ezberdinetako berritze tasa erabiltzeko aukeraz galdetuta, Erkorekak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela erabakirik hartu eta lehendabizi 2017ko Espainiako Aurrekontu Orokorren Legea ezagutu behar dela. "Alderdi hori argitzen ez den bitartean Eusko Jaurlaritzak ez du erabakirik hartuko", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza Auzitegi Gorena albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak bideoak Espainiako Gobernua argazkiak Gaurko titularrak Eguneko albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak