Politika -

Oroimen historikoa

Frankismoko biktimei deklarazioa ez hartzea agindu du Fiskaltzak

Elkarteek salatu dutenez, Espainiako Fiskaltza epaileei presio egiten ari zaie, Argentinak ikertutako 19 frankistei nahiz salaketa jarri duten biktimei deklarazioa ez hartzeko.

Martin Villa eta Utrera Molina ministro ohi frankistak. Argazkia: EFE
Martin Villa eta Utrera Molina ministro ohi frankistak. Argazkia: EFE
Martin Villa eta Utrera Molina ministro ohi frankistak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismoko krimenen kontrako kereilaren euskal plataformak salatu du Espainiako erakundeek eta estamentuek “inpunitatea” azkeneraino eraman nahi dutela.

Estatuko Fiskaltzak agindua eman du Frankismoko krimenen aurka kereila jarri zuten biktimei deklaraziorik ez hartzeko Espainiako epaitegietan. Maria Servini epaile argentinarrak irekitako auziaren baitan deklaratu behar zuten, diktadura garaian eta 1936ko Gerran izan ziren krimenak gizateriaren aurkakotzat jo ahal diren edo ez argitzeko.

“Erabaki horrek agerian uzten du Espainiako Gobernua eta haren bitarteko juridikoak nazioarteko justiziak esaten duena onartzeko eta betetzeko prest ez daudela”, deitoratu dute.

Gauzak horrela, “inpunitatearen aurkako borroka” areagotu egingo dutela azpimarratu dute  eta frankismoko krimenen aurkako Argentinako kereila babesteko Estatuko koordinakundearen adierazpenarekin bat egin dutela jakinarazi dute.

Estatuko erakunde horrek salatu du Fiskaltza epaileei presio egiten ari zaiela, biktimei eta inputatuei deklaraziorik ez hartzeko.

Maria Servini epaileak hala eskatuta, Espainiako Justizia Ministerioak joan den hilean igorri zituen epaitegi ezberdinetara Frankismoko krimengatik ikertutako 19 goi-karguei galdeketa egiteko eskaerak.

Alabaina, aipatu erakundearen arabera, Ministerio Fiskala epaileak “beldurrarazten” ari da, galdeketa horiek eginda “prebarikazioa” leporatu diezaieketela esanda.

“Giza eskubideen urraketa larriak pairatu dituzten biktimek justiziara jo dezatela oztopatzea oso larri da”, azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Justizia Unibertsala bideoak Maria Servini Gaurko azken orduko albistea Frankismoa albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan Gaurko titularrak Gizartea