Politika -

Agiria

Aieten hitzeman zuena berretsi eta pazientzia eskatu du ETAk

Gudari Eguna dela eta argitaratutako agiri batean, ETA kritiko azaldu da datorren hilean borroka armatua behin betiko utzi zuenetik bost urte beteko diren honetan ez delako amaiera gauzatu.

Gerry Adams eta Kofi Annan, besteak beste, jauregiaren aurrean. Argazkia: EiTB
Gerry Adams eta Kofi Annan, besteak beste, jauregiaren aurrean. Argazkia: EiTB
Gerry Adams eta Kofi Annan, besteak beste, jauregiaren aurrean. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk indarkeriari uko egin zionetik bost urte betetzear direnean, gaur, asteartea, Gudari Egunaren harira argitaratutako agiri baten bidez, berretsi egin du orduan hartutako erabakia. Gainera, kritiko agertu da bost urteotan ez delako amaierarik gauzatu, FARCek eta Kolonbiako Gobernuak atzo egin zuten bezala.

'Gara'k plazaratutako aipatutako oharrean, Europa Press albiste agentziaren arabera, ETAk berretsi egin ditu 2011ko azaroaren 11n Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzian, euskal indar politiko guztien parte hartzearekin (PP izan ezik), hartutako konpromisoak. Aietekoa ETAren behin betiko etenaren atarikoa izan zen, hiru egun geroago heldu baitzen.

Horren ildotik, ETAren ustean, orduan hartutako erabakia "ETAren eta bere kidegoaren iparrorratz bakarra da". Hala, bide politikoaren aldeko apustua egiten du independentzia lortzeko, eta, zentzu horretan, "lasaitasunez eta ikuspegi argiz lan egitea" eskatu du. Gainera, "larritasunetan eta epe laburrean ito gabe" jarduteko eskatu dio ezker abertzaleari.

"Euskal Herrian ere aurrera egin beharra dago, esan bezala, lasaitasun estrategikoarekin, gure nazio izaera eta euskaldunon erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenen ahulezia politikoa geroz eta agerikoagoa baita", esan du ETAk irailaren 27ko data duen agirian, baina igandeko hauteskundeak egin baino lehen idatzi zuela argitu du idatzian bertan.

Kolonbiako bake-prozesua

Aipatutako mezua gorabehera, ETAk kritikatu egin du Frantziaren eta Espainiaren jarrera, Aieteko Itunaren puntuak betetzeari dagokionez, bere ustean, ETAk baino ez dituelako bete. Egoera hori eta FARCek eta Kolonbiako Gobernuak astelehenean sinatutako bake akordioa oso bestelakoak dira, esan du.

"Bost urte beteko dira datorren hilean Aieteko Konferentzia egin zela eta, haren adierazpenean jasotako ondorioei erantzunez, ETAk borroka armatua behin betiko utzi zuela. Ez dira orduan jarritako gutxienekoak bete, eta ez zaie konponbiderako agenda osatzen duten aferei behar bezala erantzun. Soilik ETAk bete du hitza", adierazi du.

Azkenik, aipamen berezia egin dio gazteriari: "Orain arte, fase politiko bakoitzean, gazteriak ekarpen berezia, apartekoa egin du, eta hemendik aurrera ere gazteriak lehen mailako protagonista izan behar du prozesu independentista eraldatzailean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Presoak bideoak ETA Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Terrorismoaren Biktimak