Politika -

HAUTESKUNDE OROKORRAK

EAEko alderdiek hautagaitzak aurkeztu dituzte hauteskunde batzordeetan

EAJk, EH Bilduk, PPk eta PSE-EEk EAEko hiru hauteskunde batzordeetan aurkeztu dituzte zerrendak. Maiatzaren 25ean argitaratuko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, EH Bilduk, PPk eta PSE-EEk ekainaren 26ko hauteskunde orokorretarako hautagaitzak aurkeztu dituzte gaur EAEko hauteskunde batzordeetan. Oro har, alderdiek ez dute aldaketa handirik egin zerrendetan, koalizio abertzaleak salbu, goitik behera berritu baititu.

Gaur da hautagaitzak aurkezteko epearen lehen eguna, eta aipatutako alderdiek jada egin dute. Dena dela, PSE-EEk Gipuzkoakoak aurkeztu behar ditu oraindik.

Lehena EAJ izan da. Abenduaren 20ko bozetan, EAEn aukeratzen diren 18 diputatuetako 6 eskuratu zituen, eta ekainaren 26ra begira eutsi egin die hautagaitza berberei.

Hori horrela, Aitor Esteban izango da Bizkaiko zerrendaburua; Joseba Andoni Agirretxea, Gipuzkoakoa; eta, Mikel Legarda, Arabakoa.

EH Bilduk bi eserkelu baino ez zituen lortu, eta, horregatik, zerrenda berriak aurkeztu ditu oraingoan.

Horren ildotik, Marian Beitialarrangoitia izango da berriz ere zerredanburu izango den bakarra (Gipuzkoan). Bizkaian, Oskar Matutek Onintza Enbeitaren lekukoa hartu du, eta, Araban, Mikel Oterok Iker Urbina ordezkatu du.

PSE-EEk (3 diputatu abenduan) Patxi Lopez aurkeztu du berriro Bizkaiko zerrendaburu gisa, eta Javier Lasarte Araban. Gipuzkoan, Odon Elorza izango da berriz hautagaia, baina zerrenda hori ez dute oraindik aurkeztu.

PP (2 diputatu) ere zerrendaburu berdinekin joango da bozetara: Alfonso Alonso, Araban; Leopoldo Barreda, Bizkaian; eta Borja Semper, Gipuzkoan.

Podemosek (EAEko indar bozkatuena izan zen, 5 eserleku lortuta) ere ez du hautagaitzak aldatzeko asmorik, baina oraindik ez ditu aurkeztu.

Ciudadanos eta UPyD ere ez dira gaur joan hauteskunde batzordeetara zerrendak aurkezteko. Astelehena arteko epea izango dute.

Asteazkenean, hilak 25, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) publikatuko dituzte zerrenda guztiak, eta 27tik aurrera hauteskunde batzordeek irregulartasunen bat atzeman duten jakinaraziko diete alderdiei.

Horren ostean, alderdiek bi eguneko epea izango dute irregulartasun horiek zuzentzeko, eta maiatzaren 30ean behin betiko hautagaitzak aldarrikatuko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika PNV-EAJ UPyD EAE Hauteskunde orokorrak Espainia argazkiak EH Bildu Araba PSE-EE berriak Euskadiko PP bideoak Ciudadanosi buruzko albisteak Eguneko albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi