Politika -
Ustezko ustelkeria
'De Miguel auzi'ko 7 auzipeturi isunak ezartzea eskatu du Jaurlaritzak
Exekutiboak ia 222.000 euroko isun bateratua eskatu du, Alfredo de Miguel, Aitor Telleria, Koldo Otxandio, Josu Montes, Iñaki San Juan, Gurutz Larrañaga eta Xabier Sanchez Roblesentzat.
Agentziak | Erredakzioa
‘De Miguel auzi’ko zazpi auzipeturi ia 222.000 euroko isun bateratu bat ezartzea eskatu du Eusko Jaurlaritzak. EAJko buruzagi ohiek legez kanpoko komisioak kobratzeko ustezko sare batean parte hartu zuten. Guztira, 26 akusatu dira auzian.
El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, Iñigo Urkulluren Exekutiboak akusazio idatzia igorri du dagoeneko. ‘De Miguel auzia’ orain arte Euskadin bideratu den ustezko ustelkeria sumario handiena da.
Fiskaltzak 458 urteko espetxe-zigorrak, 63 milioi euroko isunak eta 120 milioiko fidantzak eskatu zituen. Eusko Jaurlaritzak, ostera, ez du kartzela-zigorrik eskatu. Hala, diru-kutxa publikoei egindako kalteagatik 221.770 euroko kalte-ordain bateratua ordaintzea eskatu du Exekutiboak.
Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagia; Josu Montes, Aitor Telleria eta Koldo Otxandio EAJko kideak; Iñaki San Juan Leioako (Bizkaia) zinegotzi ohia; Gurutz Larrañaga Kultura sailburuorde ohia eta Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari ohiari isunak ezartzea eskatu du Gasteizko Exekutiboak.
Bestalde, De Miguel, Telleria eta Otxandioren emazteak errugabe jotzea eskatu du Jaurlaritzak, El Correo-ren arabera.
26 akusatuen abokatuek idatziak aurkeztu beharko dituzte orain, eta instrukzioa bukatzen denean, auzia Arabako Lurralde-auzitegira pasako da, epaiketa bertan egiteko. Epaiketaren data ez dute zehaztu oraindik, baina uda ondoren hasiko da, iturri judizialen arabera.