Politika -

Euskadi-Nafarroa

Lankidetzarako protokoloa sinatu dute Urkulluk eta Barkosek

Bi erkidegoen arteko lankidetza 18 arlotan sustatzeko asmoa jasotzen du itunak, besteak beste, autogobernuaren defentsa, euskara, eta bakea eta bizikidetza bultzatzeko.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE
18 puntuko hitzarmena sinatu dute Barkosek eta Urkulluk

1:51

Euskadi Irratia| eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko harremanetan aro berri bat hasi da gaur. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak lankidetzarako protokoloa sinatu dute Ajuria Enean.

Bi erkidegoen arteko lankidetza 18 arlotan sustatzeko asmoa jasotzen du itunak, besteak beste, autogobernuaren defentsa, euskara, eta bakea eta bizikidetza bultzatzeko.

Lehendakariak Ajuria Enean hartu du Uxue Barkos. 12:00etatik minutu batzuk igaro direnean sinatu dute lankidetza protokoloa, eta, ondoren, hedabideen aurrean agertu dira elkarrekin.

Aipatutako protokoloan, 18 lan arlo zehazten dira. Gizarte Zerbitzuetan, esaterako, diru-sarrerak bermatzeko errentaren hartzaileak bi erkidegoen artean mugitu ahal izateko aukera ageri da. Indarkeria matxistari dagokionez, bi erkidegoetako harrera zentroetara bideratzeko prozedurak ere biltzen ditu.

Osakidetzaren eta Osasunbidearen oinarrizko koordinazioa, hezkuntza, euskara, bakea eta elkarbizitza, eta EITB Nafarroan ikusi eta entzun ahal izateko lankidetza ere jasotzen dira horien artean.

Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik nabarmendu dutenez, "normaltasunez" ikusi behar den lankidetza da honakoa.

Urkulluren eta Barkosen hitzak

Lehendakariak adierazi du "behingoz" partekatzen duela Nafarroarekin autogobernuaren aldeko apustua, eta hura "berritzeko" beharra. Halaber, Espainiako Gobernuaren "birzentralizazio estrategiaren aurrean" bi gobernuak "kezkatuta" daudela gaineratu du.

"Ikusi ditugu gure eskuduntzen aurkako erasoak, Kontzertua eta kupoa zalantzan jarri izana, autonomiaren galera mailakatua eta hitzartutakoa betetzeko zailtasunak", salatu du.

Horren esanetan, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak "aliantza bat" dute autogobernuaren alde, horren oinarria "Historia eta foru lurraldeen eskubidea historikoak" baitira. "Aliantza horren helburua da Kontzertua eta itun ekonomikoa elkarrekin babestea", nabarmendu du.

Bestalde, Barkosek esan du konponbide bat bilatuko dutela Nafarroan ETB "behin betiko" ikusi ahal izateko, "legearen interpretazioan abusurik ez emateko".

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea Konstituzioaren Laugarren Xedapen Iragankorra kentzearen alde agertu dela eta, Geroa Baiko buruak erantzun du hori "klasiko bat" dela hauteskunde garaietan.

Horren ildotik, UPN ere "Nafarroari subiranotasuna kentzearen alde" agertzea "harrigarria" dela deitoratu du.

Harreman gorabeheratsua

Gaurkoa ez da bi erkidegoen arteko lankidetza bultzatzeko sinatzen den lehen ituna. Bi gobernuen artean harreman gorabeheratsua izan da azken hamarkada hauetan, baina lortu dute akordioren bat edo beste.

Duela 20 urte, 1996ko ekainaren 14an, ‘Elkarlanerako Lankidetza Organoa’ onartu zuten bi erkidegoek. Orduko lehendakariak, Jose Antonio Ardanzak, eta Javier Otano Nafarroako presidenteak onartu zuten.

Otanok egun batzuk geroago utzi zuen kargua, ustelkeriarekin lotutako ‘Otano auziarekin’ zerikusia zuela zabaldu ostean. Juan Cruz Allik ordezkatu zuen.

Allik akordioa bultzatu nahi izan zuen, baina Foru Parlamentuan ez zuen babesik jaso, bere alderdi berekoa izan arren, akordio honen kontra zegoen Miguel Sanz atera baitzen garaile hauteskundeetan.

Ibarretxeren eta Miguel Sanzen agintepean, harremanak hoztuta, ez zen akordiorik izan. 2009ko uztailean, ordea, Patxi Lopez lehendakariak eta Miguel Sanzek hiru puntuko elkarlanerako akordioa sinatu zuten. Euskara, azpiegiturak eta EiTB zituen ardatz.

Elkarlan hori errespetutik eta besteen eskumenetan eskua sartu gabe egingo zela zioten, eta aro berri baten hasiera zela azpimarratu zuten. Uxue Barkosen eta Iñigo Urkulluren arteko akordioa, beraz, bi erkidegoen arteko azken hitzarmena sinatu eta 7 urtera etorri da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urkullu albisteak Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza Uxue Barkos Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak