Politika -
ETB-ren emisioa, etenda
Geroa Bai eta EH Bildu, kexu; UPNk dio Legea bete behar dela
Aldaketaren gobernuko kideek erregionalisten jarrera kritikatu dute. UPNk eta PPNk lege kontua dela defendatu dute.
AGentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak ezarritako zigor-txostenak tarteko, ETBk Nafarroan emisioa eten behar duela eta, erabakiaren inguruko iritzia plazaratu dute Nafarroako alderdiek.
Nafarroan aldaketaren gobernua baliatu zuten alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Nafarroako Ahal Dugu eta I-E) etetea bera eta UPNren jarrera kritikatu dute. Erregionalistek (aurreko gobernuak jarritako salaketa baten harira etorri ziren Ministerioaren txostenak) eta popularrek, aldiz, "Legea bete beharrekoa" dela defendatu dute.
UPN
Juan Luis Sanchez de Muniain UPNko parlamentari eta Barcinaren gobernuan presidenteorde izandakoak azaldu duenez, hiru izan ziren ETBren kontra jarritako salaketak, eta Uxue Barkosen gobernuari "informazioaren zati bat ezkutatzea" egotzi dio (salaketa bakarra egon dela esan omen du gobernuak). Haren hitzetan, auzia ez da ETBren seinalea Nafarroan jasotzea edo ez, "Legea betetzea" baizik.
"Enpresa jakin baten, kasu honetan euskal enpresa publikoaren, mesedetan" jokatu dutela uste du Sanchez de Muniainek, "lizentzia lortu, konkurtsora aurkeztu eta banaketa gastuak ordaindu behar dituzten" Nafarroako beste telebisten kalterako. Buruzagi erregionalistaren aburuz, Uxue Barkosen gobernuak "Legea urratzen lagundu dio" ETBri. Horren ildoan iragarri duenez, Nafarroako Kontseiluari txostena eskatuko diote Gobernuak Telekomunikazio Legea urratu ote duen zehazteko.
Geroa Bai
Oso bestelako iritzia adierazi du Koldo Martinez Geroa Bai alderdiak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak. Haren iritzian, "lotsagarria" Nafarroako herritarrek ETB ezin ikustea, eta UPNren "jarrera"ri egotzi dio auzia. "Lotsagarria iruditzen zait, letra larriz eta lodiz idatzita", nabarmendu du.
"Oso haserre gaude", esan du Martinezek. Iragarri duenez, Nafarroako Gobernua "eginahalak" egiten ari da foru erkidegoan ETBko seinalea berriro ikusi dadin.
EH Bildu
Ildo beretik mintzatu da Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentaria ohar batean. Koalizioak erregionalisten "estrategia" salatu du: "UPNk berriz ere Madrilera jo du, PPrengana, hiritarrek ETB ikusteko duten eskubidea erasotzeko eta ekiditeko". Ramirezen berbetan, UPNk eta PPNk "agerian jarri dituzte euren obsesio eta beldurrak", eta ETB emisioak etetera behartu dute, "erabakia Prentsa Askatasuna ospatzen den egunean bertan iritsi da", EH Bilduko bozeramaileak deitoratu duenez.
Auzia salatzeaz gain, Nafarroako Parlamentuan galdera erregistratuko duela iragarri du koalizioak. Gainerako kateek seinaleak zein baldintzetan eta zein baliabiderekin egiten diren ezagutu nahi du EH Bilduk.
Ahal Dugu Nafarroa
Laura Perez Nafarroako Ahal Duguren idazkari nagusiak UPNren "obsesioa" salatu du ETBren "itzalaldia" bultzatzeko. Nafarroan beste erkidegoetako telebista kate publikoak "normaltasunez" ikustearen aldekoa da Perez, "aberasgarria" dela argudiatuta.
Ahal Duguren buruzagiaren hitzetan, eteteak "eskubide linguistikoei kalte egiten die, baita informazio eskubideari eta beste erkidegoetako telebista kateak jasotzeko eskubideari ere". Kritikatu duenez, "UPNk errekurtsoa jarri zuen aurrez zegoen akordio baten eta Nafarroako Parlamentuaren borondatearen kontra", erantsi du.
PSN
Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak Nafarroan ETB ikustearen aldekoa dela esan du, baina "betiere Legearen barruan". Horren harira, eta "herritarren mesederako" izango dela argudiatuta, ETBren emisioa ahalbidetzeko akordioa lortzeko deia egin die Espainiako Gobernuari eta foru exekutiboari.
UPNren jarrera kritikatu du Chivitek. Haren esanetan, "UPNk ez zuen ondo jokatu, salaketa jarri zuelako eta ez ziolako gobernu berriari horren berri eman; desleiala izatea da hori".
PPN
UPNrekin bat egin du, ordea, PPNk. Ana Beltran popularrek Nafarroako Parlamentuan duten bozeramaileak esan duenez, "ezin da salbuespenik egin telebista kate baten mesedetan eta beste batzuen kaltean". Hortaz, haren berbetan, ETBk Nafarroan emititu nahi badu, "Legea beteta" egin beharko du.
"Ezin da salbuespenik egin. Berdin dio zein telebista katez ari garen. Nafarroan dauden telebista kateak babestu behar ditugu, nafarrak direlako, eta ETBren etorrerarekin kaltetuak izan direlako", argudiatu du.
I-E
Gogor mintzatu da Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramailea. Haren ustez, Nafarroan ETBrekin gertatutakoa "onartezina eta astakeria" da. "Debeku guztiak kendu eta normaltasun demokratikoa ezartzeko" eskatu du, horrenbestez, I-Eko kideak.
"Herritarrek ETB ikusteko duten eskubidea babestu egin behar da. Herritarrena da hautua, erabaki librea", defendatu du Nuinek. "Sugetzar eta zirku honekin lehenbailehen" amaitzea eskatu du I-Eko kideak, "arazoa konpontzeko nahikoa baliabide teknologiko eta tekniko" dagoelako.