Politika -
Bi aldeko harremana
Lankidetzarako protokoloa onartu dute EAEko eta Nafarroako gobernuek
18 arlotan elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute bi gobernuek. Urkulluk eta Barkosek aurki sinatuko dute.
EITB.eUS
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzarako protokolo orokor berria izango da aurki. Jaurlaritzaren gobernu bilerak astearte honetan onartu du, eta foru gobernuak bihar emango dio onespena. Izapidea beteta, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak izenpetuko dute bi gobernuen arteko lankidetza jarduna arautzen duen protokoloa. Azkena 2009koa da.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, 18 arlotan lankidetzan aritzeko ituna da onartutakoa. Besteak beste, honako alorretan elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute bi gobernuek: gizarte-zerbitzuak, berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria, osasuna, hezkuntza, kultura, hizkuntza politika, bake eta bizikidetza, turismoa edota ingurumena. Erkorekak prentsaurrekoa eskainiko du bihar, protokoloaren xehetasunak azaltzeko.
Nafarroako Gobernuak ohar bidez adierazitakoaren arabera, foru gobernuak bihar onetsiko du protokoloa. Horren esanetan, bi erkidegoen "interes komunak arrazionaltasunez, gardentasunez, soiltasunez eta bitarteko nahikorekin betetzen lagunduko du" itunak. Uxue Barkosek zuzentzen duen gobernuaren hitzetan, bi erkidegoek "harreman berezia" dute "kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturala" dutelako, eta lankidetzan aritzeko "tradizioa" dutelako.