Politika -

Biktimak

ETAk mehatxatutakoen konponketa 'morala' sustatuko du Jaurlaritzak

Bi ikuspegitik aztertu dute gaia, kuantitatiboki eta kualitatiboki, eta bizkartzaina izan zuten 3.300 pertsona mehatxatu zenbatu dituzte, eta horietako batzuen testigantzak bildu.

Pertsonak ibiltzen
Pertsonak ibiltzen
Eusko Jaurlaritzak aitortza egin die ETAk mehatxatutakoei

1:39

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak ETAk mehatxatutakoen sufrimendua jaso nahi izan du txosten batean estatistiken eta lekukotzen bitartez, biktima horiek pairatu duten minaren konponketa "soziala eta morala" helburu.

Donostian aurkeztu dute txostena, 1990 eta 2011 urteen artean ETAren mehatxua jaso zuten pertsonek jasandako bidegabekeria islatzea xede duena. Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egin du lana, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak aginduta.

Bi ikuspegitik aztertu dute gaia, kuantitatiboki eta kualitatiboki, eta bizkartzaina izan zuten 3.300 pertsona mehatxatu zenbatu dituzte, eta horietako 15en testigantzak bildu dituzte, pairatu zutenaren berri izateko eta ondorio batzuk proposatzeko.

Mehatxatuak zeintzuk ziren zehazteko bizkartzaina zutenak hartu dituzte aintzat, nahiz eta txostena idatzi dutenek aitortu pertsona asko kanpoan geratu direla. Hala, mehatxatuak askoz gehiago izan zirela da txostenaren oinarria.

Ikerketan agertzen diren 3.300 pertsona mehatxatuetatik, 1.619k Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuten. Bi herenek urtebete eta 5 urte artean izan zuten bizkartzaina, bostenak hamarkada batez, eta gutxienez 5 kasu daude ikertu dituzten 20 urteetan segurtasun pertsonala izan dutenak.

Sektoreka banatuta, mehatxu gehien pairatu zutenak politikariak, enpresariak, irakasleak, Justizia Administrazioko kideak eta hedabideetako langileak izan ziren.

Bildutako lekukotzetan agertzen da nola biktimek askatasuna eta intimitatea galdu zuten, arazoak izan zituztela lanean ere, eta eragina nabarmena zela familiarengan, lagunengan eta baita osasunean ere.

Era berean, maila sozialean jasandako egoera okerrena omen dena ere aipatzen dute: "Gertukoen elkartasun eza", normalean "mehatxatuta bizi zirenen errealitatean bizitzeko beldurraz" gertatzen omen zena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak ETA albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa