Politika -
Frankismoko biktimak
Gasteizek bide judiziala hasiko du Martxoak 3ko gertakariak argitzeko
PP izan da kontrako botoa eman duen talde bakarra, eta Javier Maroto zinegotziak biktimen senideei esan die epaitegietan ez duela aurrera egingo helegiteak.
E. Lotina | eitb.eus
Gasteizko udaletxean, Udalbatzak erabaki du Espainiako epaitegietan bide judiziala hastea Martxoak 3ko gertakariak argitu eta ardura penalak eskatzeko.
PP izan da kontrako botoa eman duen talde bakarra, eta Javier Maroto zinegotziak biktimen senideei esan die epaitegietan ez duela aurrera egingo helegiteak.
“Altxamenduak diktadura ekarri zuen eta horrek sistematikoki urratu zituen ehunka mila pertsonen oinarrizko giza eskubideak 40 urte oso luzeetan”, salatu du mozioak, Udalak agiri batean azaldu duenez. “Testuinguru horretan gertatu zen 1976ko martxoaren 3ko hilketa, Espainiako Polizia Armatuak burututa”, erantsi du testuak.
“Gertakari horiek astindu egin zuten Gasteizko hiria, eta gaur egun ere, 40 urte geroago, eta Martxoak 3 Elkarteak erabakitasunez etengabeko eskaria egin arren, jarraitzen dugu hildako pertsonak bortizkeriaren biktimak izan zirela onartu gabe, eta, beraz, egindako kaltea onartu eta konpondu gabe”, kritikatu dute mozioan.
Biktimei eta haien senitartekoei elkartasuna adierazi ondoren, Udalbatzak “justizia-administrazioaren jarduera eza egiaztatu du eta giza eskubideei buruzko nazioarteko araudiaz jabetzeko” eskatu dio, eta beraz, “gertaera izugarri haiek aztertzeari ekiteko, modu horretan, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penalak ezarri ahal izateko”.
Gasteizko Udalbatzak Espainiako Gobernuari eskatzen dio 1976ko martxoaren 3ko biktimei dagozkien “aitorpena eta ordaina emateko, terrorismoaren biktimekin parekatuta”.
Argentinako kereila
Gainera, Udalbatzak erabaki du frankismoaren biktimei buruz Argentinako jurisdikzioak daraman prozeduran udala akusazio gisa agertzea.
Azkenik, Udalbatzak erabaki du Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera ematea, gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien “erantzukizun penalak eta bestelakoak eskatzeko”, frankismoaren diktadurak gizateriaren aurka egindako krimenei buruz, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia barne.