Politika -

Bilbo eta Baiona

Larunbatekoa azken manifestazioa izatea espero du Sarek

Pankarta, besteak beste, Rosa Roderok, Juan Mari Olanok, Gemma Zabaletak eta Fermin Muguruzak eramango dute.

Toda eta Azkarraga, besteak beste, Sareren prentsaurrekoan. Argazkia: Sare
Toda eta Azkarraga, besteak beste, Sareren prentsaurrekoan.
Toda eta Azkarraga, besteak beste, Sareren prentsaurrekoan. Argazkia: Sare

erredakzioa | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sarek larunbatean Baionan eta Bilbon egingo dituzten manifestazioak azkenak izatea espero du, "mendekua eta gorrotoa atzean geratu diren seinale" izango delakoan; baina bitartean "bizikidetzaren aldeko pausoak eskatzen dituen herri honekin zerikusirik ez duten jarrerak salatzen" jarraituko duela hitzeman du.

Sare euskal presoen eskubideen aldeko ekimenak larunbata baino lehenagoko azken prentsaurrekoa eman du, Bilbon eta Baionan egingo diren mobilizazioari buruzko azken xehetasunak emateko.

Larunbateko manifestazioak "ogibide ezberdina duten pertsonen eskutik edo ideologia oso ezberdinak dituzten pertsonen ahotik" babesa jaso duela gogorarazi du Sarek, eta batzuk azpimarratu ditu: Garbiñe Biurrun epailea, Kepa Junkera musikaria, Xabier Euzkitze esataria, Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohi jeltzalea, Rosa Rodero ETAk hildako ertzain baten alarguna, etab.

Izan ere, Sarek uste du ideologia ezberdinak baietz, baina "giza eskubideen defentsa lehen lerroan" jartzen dutela, eta hori lehenesten duten guztien parte-hartzea eskatu du.

17:00etan Casillan

Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestazioa bakarra izango da, aurreko urtean ez bezala, eta leloa hau izango da: "Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira".

Pankarta eramango dutenen artean Rosa Rodero bera, Iñaki Lasagabaster EHUko irakaslea, Fermin Muguruza musikaria, Juan Mari Olano preso ohia, Gemma Zabaleta PSE-EEko kide eta sailburu ohia eta Inaxio Kortabarria Realeko futbolari ohia egongo dira.

Diru-bilketa

Aurreko urteetan bezalaxe, Sarek diru-bilketa bat egingo du manifestazioa egiteko gastuak ordaintzeko. Horren harira, ekimenaren antzolatzaileek esan dute, nahasmendurik ez sortzeko, dirua jasoko duten boluntarioek peto eta boltsa berezi batzuk eramango dituztela, eta horrela jantzita ez badaude, ez direla Sarerenak izango.

Gainera, diru-bilketaren kudeaketa bost pertsona esanguratsuren esku egongo dela jakinarazi dute. Lagun horiek hauek dira: Paul Rios, Juan Mari Bidarte, Nazario Oleaga, Felix Cañada  eta Juan Miguel Barandiaran.

Agerraldian gogorarazi dute iaz bildutako dirua kendu ziela Poliziak, "inolako oinarririk gabeko erabaki judizial" baten ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Iparraldea argazkiak EAE Presoak albisteak Baionako albisteak Gaurko azken ordukoa Manifestazioak gaur