Politika -

ERREFUXIATUEN KRISIA

Azkenean, hiru izango dira EAEk hartuko dituen errefuxiatuak

Josu Erkorekak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuak hartzeko protokoloa aktibatuta du. Eritrearrak dira hiru errefuxiatuak, eta Lanpedusatik datoz.

EFE
Igandean 10 errefuxiatu iritsiko dira Bilbora eta Donostiara

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru errefuxiatu iritsiko dira EAEra igande honetan, eta ez 10, goizean zabaldu den bezala. Lanpedusatik datozen hiru gizonezko eritrear dira, eta Bilbon izango dute bizilekua.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, goizean, hedabideen aurrean egindako agerraldian jakinarazi du 50 bat errefuxiatu iritsiko direla Madrilera, igandean, eta horietatik 10 EAEra. Datu horiek zituen eskuartean Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak aurreko egunotan igorrita.

Eguerdian, baina, Jaurlaritzako Gizarte Politika sailak Espainiako Gobernuaren beste jakinarazpen bat jaso du, errefuxiatu kopurua aurreikusitakoa baino txikiagoa izango dela esanaz. Azkenean, denera, Madrilera 19 errefuxiatu inguru iritsiko dira.

Errefuxiatuei Laguntzeko Batzordearen eskariz, eta euskal erakundeekin koordinatuta, hiru errefuxiatu eritrearrak Bilboko etxebizitza batera eramango dituzte.

Protokoloa, martxan

Eusko Jaurlaritzak errefuxiatuak hartzeko protokoloa martxan du. Aldundiekin ez ezik, udalekin ere elkarlanean arituko da Gasteizko Gobernua.

Astelehenean bertan Osakidetzako zentroetan osasun azterketak egingo zaizkie errefuxiatuei, Erkorekak aurreratu duenez, eta euskal erakundeen gizarte zerbitzuak eskura izango dituzte, hasieratik. "Euskal gizarte sisteman jasota dauden zerbitzu guztiak jasoko dituzte", ziurtatu du bozeramaileak.

"Bizitokia, elikadura, hezkuntza, osasuna eta laguntza juridikoa bermatuta izango dute errefuxiatuek", Erkorekaren esanetan. Gurutze Gorriak eta Acnur erakundeak bideratu du bidaia.

"Drama humanitario honi aurre egiteko ordua da. Erakunde publiko eta pribatu guztien koordinazioa eta elkarlana eskatzen du honek", esan du.

Errefuxiatu guztien "integrazioa normaltasunez" egingo dela espero du Erkorekak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan bideoak