Politika -

Alkateen Bilkura

Alkateen bilkura bakebidean 'orri zuri bat' izatea nahi du EH Bilduk

Biharkoa bezalako ekimenek  'aurretiazko lanketa' izan behar dutela uste du koalizioak, 'komunikabideetatik kanpo egindakoa eta zintzoa eta udalen arteko adostasunak bilatzea helburu izango lukeena'.

Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Luis Intxauspe Hernanikoa, gaurko agerraldian.
Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Luis Intxauspe Hernanikoa, gaurko agerraldian.
Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Luis Intxauspe Hernanikoa, gaurko agerraldian.

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Luis Intxauspe Hernanikoak, biak EH Bildukoak,  Iñigo Urkullu lehendakariak eta alkateek bihar biktimen inguruan egingo duten bileraz hitz egin dute, ezker abertzaleko koalizioaren izenean.  "Irakurketa baikorra" egin dute eta ekimenak etorkizunean "jarraipena" izatea nahiko luketela esan dute. "Bakearen eraikuntza eta egonkortzea xede izanda erakundeen arteko elkarrizketa politikoa bultzatzeko edozein ekimen modu baikorrean hartzen dugu, eta, horrenbestez, bertan parte hartuko dugu", nabarmendu dute. "Bakearen eraikuntzan sortu beharreko adostasunen eta konfiantzen eraikuntzarako, elkarrizketa politiko inklusiboan eta ez-baztertzaileen sinesten dugu. Premisa hori argi izanda, elkarrizketa inklusibo hori indartzera datorren edozein ekimenetan parte hartuko dugu", esan dute. Alkateon hitzetan, hori bai, aldez aurretik helmuga zehaztuta daukan ekimenik ezin da egon, eta bihar egingo den ekimena "orri txuri bat" izatea nahiko genuke, bakegintzaren eta elkarbizitzaren alorrean guztion artean erakundeen arteko elkarlanaren bide-orria idazteko aukera eskainiko duena.Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusiak bihar txosten bat emango diete EAEko 128 alkateri. Txostenaren izenburua "Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010)" izango da, eta, bertan, azken 50 urteetan bakoitzaren udalerrian eraildako biktimak egongo dira jasota. Egitasmoa Oroimenaren Euskal Institutua hartuko duen egoitzan egingo da.Dena dela, horrelako ekimenek "aurretiazko lanketa" izan behar dutela uste du ezker abertzaleko koalizioak, "komunikabideetatik kanpo egindakoa eta zintzoa eta udalen arteko adostasunak bilatzea helburu izango lukeena, hori baldin bada ekimen honek daukan helburua".EH Bilduren iritzian, udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak, eta horrenbestez, herrietan "irekitako zauriak zeintzuk diren bertatik bertara ezagutzen" dituztenak. Horregatik, bakearen eraikuntzan eta adiskidetzean "udalek dute parte-hartzearen garrantzia" azpimarratu dute ezker abertzaleko bi alkateek. Bizitza eskubidearen urraketen Udal Erretratuak "herri honetan gertatu den guztia aitortzeko lehen urrats gisa" ulertzen du EH Bilduk. Horren harira, gogora ekarri dute "herri honetan pairatu den sufrimenduak adierazpen ezberdinak" izan dituela. "Horiek guztiak ikertu eta mahai gainean jarri beharko dira, salbuespenik gabe eta edonolako interes politiko guztiak baztertuta, zintzotasun osoz eta beldurrik gabe”, gaineratu dute gaurko agerraldian parte hartu duten bi alkateek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Gaurko titularrak Albisteak Giza eskubideen urraketak frankismoan Terrorismoaren Biktimak