Politika -

Itunak

PPk ituna eskaini dio EAJri Araba, Gasteiz, Oion eta Artziniegarako

Jeltzaleek, bestalde, akordioak lortzeko ''zailtasunak'' helarazi dizkiote PPri, baina ''aukera guztiak zabalik'' daudela adierazi dute. EH Bildurekin eta PSE-EErekin bildu ostean erabakiko dute.

pp pnv
pp pnv
Gasteizerako eta Arabarako akordioak aztertu dituzte EAJk eta PPk

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Araban akordioak lortzeko ''zailtasunak'' helarazi dizkio PPri, baina ''aukera guztiak zabalik'' daudela adierazi du. EH Bildurekin eta PSE-EErekin bildu ostean erabakiko dutela adierazi dute jeltzaleek.

EAJk eta PPk bilera egin dute astearte honetan, Gasteizen, ABBren egoitzan; bertan, PPk ituna eskaini dio EAJri Araba, Gasteiz, Oion eta Artziniegarako.

Hitzordu horretan izan dira Alfonso Alonso Arabako popularren presidentea, Iñaki Oyarzabal hauteskunde kanpainako buruzagia, Javier Maroto alkategaia eta Javier De Andres ahaldun nagusirako hautagaia.

EAJtik, bestalde, bertan izan dira Xabier Agirre ABBko presidentea, Gorka Urtaran jeltzaleen Gasteizko alkategaia, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusirako hautagaia eta Claudio Rodriguez.

''Egonkortasunerako'' proposamena

Javier De Andres jarduneko Arabako ahaldun nagusiaren iritziz, EAJk aukeratu beharko du ''EH Bildurekin ituna egin'' ala ''gasteiztar eta arabarren borondatea'' entzutearen artean.

Horren harian, ''egonkortasuna'' bermatuko duen akordioaren alde agertu da De Andres, Araba, Gasteiz, Oion eta Artziniega proposamen horretan sartuta. ''Egonkortasun eskaintza'' hori zera litzateke: erakundeetan eserleku gehien lortu dituen alderdia errespetatzea (Gasteizko alkatetzan Maroto litzateke; eta Ramiro Gonzalez, berriz, ahaldun nagusia).

Hortaz, jeltzaleek aukeratu beharko dute Bildurekin Udalean eta Aldundian ituna egin eta ''herritarrek esandakoa entzutearen artean'', PPko hautagaiaren arabera. Hala ere, De Andresek nabarmendu du Bildurekin ituna egitea ez duela PPk erabakiko, ''EAJk baizik''.

Iñaki Oyarzabalek bileraren ostean adierazi duenez, EAJrekin izandako bilera "bide onetik joan da", Arabako erakunde nagusietan gobernagarritasuna adosteko, eta jeltzaleekin harremanetan jarraituko dutela ziurtatu du.

EAJren ''zailtasunak''

Bestalde, PPrekin itunak egiteko ''zailtasunak'' helarazi dizkie EAJk popularrei, iturri jeltzaleek jakitera eman dutenez. Hain zuzen ere, legegintzaldian egindako politikak eta hauteskunde kanpainan egindako diskurtsoa aipatu dituzte zailtasun horien iturri gisa.

Hala ere, Ortuzarren alderdiak ''aukera guztiak'' ditu zabalik, eta datozen egunotako bileren ostean hartuko dute erabakia. Asteazken honetan EH Bildurekin elkartzekoak dira, eta ostegunean, berriz, Arabako PSE-EErekin. Larunbata baino lehen emango diote erantzuna PPri.

Jeltzaleen arabera, EAJk ez du ''inolako kalkulu estrategikorik'' Alderdi Popularri eman beharreko erantzun horrekin; horrez gain, argitu dute ez dutela beste hitzordurik zehaztu, eta ez dutela, printzipioz, bestelako bilerarik egiteko asmorik.

EH Bildu

Bestalde, Hasier Arraiz Sortuko presidenteak ere Gasteizko hurrengo alkatearen inguruan hitz egin du gaur goizean. Arraizek ez du ulertzen EAJk Marotoren hautagaitza babestu ahal izatea, eta Marotok arrazakeriaren kontra eskainitako ituna ere aipatu du. ''Ez dakigu keinu horrek Ortuzar konbentzitu duen ala ez (EAJko presidenteak jarrera aldaketa eskatu zion asteburuan Marotori), baina jakin badakigu gure hirian alkate arrazista bat onartzen ez dugun gasteiztarron aurpegietara zuzendutako txistua izen zela'', gaineratu du Arraizek.

Gaineratu duenez, Maroto “alkate ez izateko” lanean jarraituko dute larunbatera arte. “Azken egunerarte horretan jarraituko dugu”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Araba Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Euskadiko PP berriak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Oion Gasteiz berriak EH Bildu Nafarroa Javier de Andres gaur