Politika -
Proiektua
Etxebizitza izatea bermatuko duen legea onartuko dute Legebiltzarrean
EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk onartuko dute arau berria, guztien botoak batuta 38 dituztelako, EAJk eta PPk baino gehiago.
AGENtziak | erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Etxebizitza lege berria onartuko du datozen hilabeteetan etxebizitza izatea bermatzeko, eta herritarrek eskubide gisa aldarrikatu ahal izango dute auzitegien aurrean, merkatu librean etxebizitza edukitzeko nahikoa diru-sarrerarik ez duten herritarren kasuan. Legeak kanon batekin zigortuko ditu etxe hutsak eta alokatzera behartuko ditu jabeak. EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk onartuko dute arau berria, guztien botoak batuta 38 dituztelako, kontra dauden EAJk eta PPk baino bat gehiago.
Duela bi urtetik lanean ari den Legebiltzarreko lantaldeak gaur amaitu du ekimen honi buruzko txostena, eta hainbat aldaketa egingo dituzte PSE-EEren lege proposamenean oinarrituta.
Eusko Legebiltzarrak legea behin betiko onartzeko, hala ere, osoko bilkuran egin beharko dute bozketa, eta ez da maiatzaren 24ko hauteskundeak baino lehenago izango; baina aipatu hiru alderdiek ez dute arazorik izango horretarako, gehiengo osoa pilatzen baitute.
Testuan etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa aitortzen da, eta norberaren baliabideekin etxebizitza alokatu ezin dutenek auzitegiari eskatu ahal izango diote Administrazioek bizitoki bat jartzea.
Hori egikaritzeko zailtasunak direla eta, eskubidearen aplikazioa mailakatua izatea proposatzen dute testuan. Hala, legea indarrean jarri eta lehenengo hamabi hilabeteetan, eskubide subjektiboa hiru kide edo gehiago dituzten familiei aplikatuko zaie, 15.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte, eta erregistro ofizialean alokairurako izena emanda badute gutxienez lau urtez.
Legearen bigarren urtean, bi kideko familiek ere eskuratu ahalko dute etxebizitza legearen bitartez, 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte, eta erregistroan izena emanda badaramatzate lau urte.
Hirugarren urtetik aurrera, norbanakoen eskubidea izango da, 9.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenen kasuan, eta izena emateko baldintza aurrekoetan bezalakoxea izango da.
Eskubidea egikaritzeko, gutxieneko soldatara iristen ez direnei ezingo zaie alokairuagatik errentaren % 15 baino gehiago eskatu. Kopuru hori, legeak aurreikusitako gainerako kolektiboetan, % 30era igoko litzateke.
Hutsik dauden pisuengatik zigor ekonomikoak jartzea jasotzen du lege berriak. Isun moduko hori etxebizitzak bi urte hutsik daramanean jarriko da, eta 10 eurokoa izango da metro koadroko. Hala ere, kanon hori %10 garestituko da hutsik jarraitzen duen urte bakoitzeko, hasierako kanonaren hirukoitzeraino gehienez.
Era berean, hutsik dauden etxeak alokairura behartzea ere aurreikusten du legeak. Gainera, EAEn eraikitzen den etxebizitza publikoen % 80 alokairura bideratuko da lehenengo bost urteetan, eta ondoren guztiak izango dira zerbitzu horretara bideratuak.