Politika -
Cabacas auzia
Cabacas lehia politikoan erabiltzea egotzi dio Jaurlaritzak EH Bilduri
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak salatu duenez, pertsona horien sufrimendua helburu alderdikoiekin erabiltzea "nazkagarria" da.
agentziak | erredakzioa
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Iñigo Cabacasen familiaren "mina" Eusko Jaurlaritzaren kontra erabiltzea egotzi dio EH Bilduri, eta pertsona horien sufrimendua helburu alderdikoiekin erabiltzea "nazkagarria" dela gaineratu du.
Beltran de Herediak EH Bilduren galdera bati erantzunez eman ditu azalpenok Eusko Legebiltzarrean, sailburuak eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkariak Cabacasen gurasoekin izan dituzten bilera batzuen harira.
Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideak azaldu duenez, gurasoek Iñigo hil zuen pilotakada nork jaurti zuen argitzeko eskatu zietenean, Beltran de Herediak eta Fernandezek erantzun zieten “ertzainen alargun guztiek ez zutela lortzen jakitea nork hil zuen senarra”. Gainera, Fernandezek ohartarazi omen zien ez zeudela "etsaiak bilatzeko moduan".
Arzuagak astelehenean emandako prentsaurreko batean salatu zuen moduan, jarrera horiekin Fernandezek Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren "estaltzaile" gisa jokatzen du, Iñigo Cabacas hil izanaren "arduraduna" horixe delakoan.
Sailburuak EH Bilduri leporatu dio osorik "ezagutzen ez dituen" elkarrizketa "pribatuak" erabiltzea, "testuingurutik aterata", Eusko Jaurlaritzari kritika egiteko.