Politika -

Prozesu eratzailea

EH Bilduk 'Euskal Estatua lortzeko bidea' aurkeztu du

Koalizioak “herritarren erabakitzeko eskubidean” oinarritutako proposamena egin dio gizarteari, “justizia sozialean oinarritutako jendartea eraikitzeko eta burujabetza eskuratzeko”.

Ficoban egindako ekitaldiaren irudia. Argazkia: EiTB
Ficoban egindako ekitaldiaren irudia. Argazkia: EiTB
EH Bilduk 'Euskal Bidea' aurkeztu du

0:17

Iker Gonzalez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk eta EH Baik ‘Euskal Bidea’ aurkeztu dute, hau da, Euskal Herriko biztanle guztien parte hartze demokratikoan oinarritutako aldebakarreko prozesu eratzailea, "Euskal Estatua" eraikitzeko helburuarekin. "Mugak urrunago jarri eta ametsak errealitate bihurtzeko unea da", esan du Arraizek ekimenaren aurkezpen ekitaldian.

Koalizioan elkartutako alderdi abertzaleek azaldu dutenez, "prozesu dinamikoa eta mailakatua izango da, ezinbestean, erabaki kate batez osatua".

Ficoban (Irun, Gipuzkoa) egindako ekitaldian, alderdi politikoek proposamena aurkeztu dute -agiri batean jasota dago- eta prozesua, azaldu dutenaren arabera, hiru fasetan banatuta dago. Hiru faseak burutakoan, helburua Euskal Errepublikaren Konstituzioa erdiestea da.

Arraizek, aurkezpen ekitaldian egindako hitzaldian baieztatu duenez, koalizioak "demokraziaren aldeko apustua egin du, eta horren izen-abizenak erabakitzeko eskubidea eta euskal gizartearen protagonismoa dira, etorkizuna erabakitzeko".

Aurkeztutako agiriaren arabera, gaurko errealitatea abiapuntu, hiru prozesu barnebilduko dituen prozesu bateratzailea bideratu behar dugu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomi Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta ezagutza instituzionalik ez duten Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan garatu beharreko prozesuak lirateke, bateratze demokratikoaren bidez subjektu politiko osoa sortzeko norabidean. Hiru abiapuntu ezberdin, hiru erritmo eta abiadura berezitu, etapa eta prozedura propioak".

Lehenengo fasean, eremu bakoitzeko herritarrek beraien buruari Erabakitzeko Eskubidea gauzatzeko gaitasuna eman beharko diote. Ondorengo fasean, eremu bakoitzak "autoeraketari ekin beharko dio gehiengo sozialak, politikoak eta instituzionalak bultzatuta". Fase honetan, "maila ezberdinetan zubiak trinkotuz, eremu ezberdinen arteko saretzea ere indartu beharko dugu, instituzio partekatuak sortuz eta egun badagoen nazio mailako instituzioa, Udalbiltza, sendotuz".

Azken fasean, halaber, "eredu juridiko-politikoaren gaineko erabakiena izango da, eta horretan eremu bakoitzak barne –beste euskal lurraldeekin– eta kanpo –estatuekin– harremanak zehaztu beharko ditu".

"Gatazka demokratikoaren" fasean zenbait tresnaz baliatu beharko da, esaterako, "desobedientzia". Gainera, koalizioak berretsi egin du proposamen "irekia" dela eta herritarren protagonismoa eta bultzada ezinbestekoa dutela. Halaber, "etorkizuneko ekonomia eta gizartearen mesedetan, baita etorkizun politiko eta kulturaren mesedetan ere", erakundeak erabiltzeko deia egin du.

"Erabakitzeko eskubidea izan nahi dugu, dena hemen erabakitzeko, gure herria bizi ez ezik, justizia soziala eta burujabetza denontzako aukeratu eta eraiki ahal izateko", gaineratu du Sortuko presidenteak.

Koalizioa osatzen duten alderi abertzaleen arabera, prozesu eratzaile propioa abian jartzea "espainiar eta frantziar estatuek aplikatzen dituzten inposizio eta mendekotasun sistema guztiekin amaitzeko aukera bakarra da".

"Parisek mespretxua izan du beti erantzuntzat, eta Madril frankismoarekiko haustura demokratikorik gabeko esparru juridiko-politiko estuan gotortu da", erantsi dute.

Euskal Herrian, hainbat nortasun

Aurkeztutako proposamenean jaso dutenez, "Euskal Bidea ez da soilik abertzaleen mesederako, guztion onerako baizik, demokrazia eraikitzea jendarte osoarentzat baita onuragarri".

"Nazio nortasun sentipen eta identifikazio ezberdinak daude Euskal Herrian. Horrek ez luke inolako arazorik eragin behar. Guk erabat onartzen dugun errealitatea da. Demokratikoki kudeatzea baino ez du eskatzen, besterik ez. Euskal Bideak horixe ekarri nahi du", agiriaren arabera.

Gainerako alderdiei deia

Konstituzioaren balizko erreforma ere jaso dute dokumentuan; izan ere, EH Bilduk eta EH Baik proposamen zehatza egin nahi die "euskal eragile politiko eta sozialei guztion artean Itun bat egin dezagun, denok elkarrekin eskaera bera bideratzeko estatuari egin dezakeen zaharberritzeko saioa dela-eta: Euskal Herriaren eta Erabakitzeko Eskubidearen onarpena".

Hori dela eta, "hitz gutxitan, gauza bakarra eskatu behar diogu Estatuari: bere burua demokratiza dezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Iparraldea berriak Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Araba