Politika -
Heriotza
Gurtel auziko inputatu bat hilik aurkitu dute Bilboko hotel batean
Maria del Mar Rodriguez Alonso MR enpresako administratzailea da hildakoa. Fiskaltzak hiru delitu egotzi zizkion.
Erredakzioa
Gurtel auziko inputatuetako bat, Maria del Mar Rodriguez Alonso, hilik topatu dute, Bilboko hotel batean. Hurrengo orduetan egingo diote autopsia, heriotzaren kausa argitzeko. Alabaina, Euskadi Irratiak azaldu duenez, emakumeak bere buruaz beste egin izana da Ertzaintzaren hipotesi nagusia.
Rodriguez Alonso MR enpresako administratzaile bakarra zen, eta Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak iazko azaroaren 26an kaleratutako auto batean inputatu zuen. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak hiru delitu egotzi zizkion: prebarikazioa, merkataritza agiriak faltsutzea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea.
Hildakoa Tomas Burgos Beteta PPk Senatuan duen bozeramaile laguntzailearen emaztea zen.