Politika -
2015
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko du EAEko aurrekontuen aurka
Bestalde, PSE abstenituko da, aurreakordioa sinatu duelako, eta bozketa onartzea ahalbidetuko du. PPk asteazkenera arteko epea eman dio Eusko Jaurlaritzari. UPyDk ere osoko zuzenketa aurkeztuko du.
Erredakzioa
Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak iragarri du koalizioak osoko zuzenketa aurkeztuko duela aurrekontuen kontra, proposamenen aurrean Eusko Jaurlaritzaren “mututasuna, utzikeria eta interes falta” jaso ostean.
Radio Euskadin egindako adierazpenetan Matutek gogorarazi duenez, “larrialdiko eta salbuespeneko garai batean gaude”, eta aurrekontuek herritarren “pobrezia eteteko gaitasun ekonomikoa" dute.
“EH Bilduk akordioak lortzeko borondatea eta jarrera azaldu zuen, baldintza bakar batekin: herritarren ongizatea bermatzen duten arloetan, murrizketarik ez egitea”, gaineratu du.
Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, Jaurlaritzak, PSE-EEren abstentzioa gorabehera, “babes gehiago” bilatuko du aurrekontuak onartzeko, eta, gaineratu duenez, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak “kontraste eta zintzotasun” lana egin du talde guztiekin.
Txarli Prieto sozialistak justifikatu egin du abstentzioa, EAJrekin orain urtebete baino gehiago lortutako akordioa dela eta, baina adierazi du baiezko botoa emateko “bestelako aurrekontuak” egin beharko liratekeela, diru-sarreren atalean zein gastuen atalean.
Bestalde, Anton Damborenea PPren legebiltzarkideak azaldu duenaren arabera, PP ituna lortzeko prest dago, “baina enplegua sortzearen eta inbertsioa sustatzearen aldeko apustu garbia” izan behar da, eta, bere ustean, gaur gaurkoz, aurrekontuetan, gabezia handia dago alde horretatik. Hori dela eta, PPko kidearen esanetan, gaurtik asteazkenera bitartean, Jaurlaritzak “negoziatzeko tartea dauka”.
UPyDk, era berean, osoko zuzenketa aurkeztuko duela baieztatu du, eta PSE-EE, sinatutako aurreakordioa duenez, abstenitu egingo da, eta, horri esker, Jaurlaritzak aurrekontuak onartu ahal izango ditu.