Politika -
Bilera
Aurrekontuak aztertuko dituzte gaur Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk
550 milioi gehiago eskatuta EH Bildu Olentzerorekin “doilorra eta eskalea den haur bat bezala” jokatzen ari dela uste du Ortuzarrek. EH Bilduren ahotan, EAJ “urduri” dago.
Erredakzioa
2015ko aurrekontuei babesa emateko EH Bilduk jarriko dituen baldintzak “errespetu handiarekin” eta “bokazio konstruktiboarekin” aztertuko dituela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Exekutiboak eta koalizioa abertzaleak bilera egingo dute gaur.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak eta EH Bilduk aurreneko bilera egingo dute, Exekutiboaren proiektuaz hitz egiteko.
550 milioi gehiago eskatuta, EH Bildu Olentzerorekin “doilorra eta eskalea den haur bat bezala” jokatzen ari dela uste du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. Gainera, murrizketak “AHTan edo Ertzaintzaren kartutxotan” egitea eskatu zuen koalizioa abertzaleak, baina “hooligan-ak pozteko” adierazpenak direla esan du Ortuzarrek, “azterketarik egitea ezinezkoa delako”.
“Urduri”
Bestalde, aurrekontuei babesa emateko negoziatzeko prest agertu da EH Bildu, baina koalizioa abertzalearen jarrera irekiaren aurrean EAJ “urduri” dagoela esan du.
Lanbideren bulego baten aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo EH Bilduko ordezkariek, Miribillan (Bilbo), Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politika salatzeko.
Besteak beste, Eva Blanco eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak egon ziren protestan, eta EAJren presidenteari erantzun zioten.
“EH Bilduren jarrera irekiaren aurrean EAJ urduri eta deseroso egotea ez dugu ulertzen. Baliteke EH Bilduren jarrera positiboak Ortuzar jauna haserretzea. Murrizketa sozialik gabeko aurrekontuak egitea posible dela agerian utzi du gure proposamenak. Eusko Jaurlaritzak haustura soziala saihesteko neurriak ezartzeko garaia da”, adierazi zuten.