Politika -

2015eko hauteskundeak

2015eko bozak: Alderdi politikoak euren makineria berotzen hasi dira

Gipuzkoan eta Araban zer gertatuko den eta Martin Garitano eta Jose Luis Bilbaoren ondorengoak nortzuk izango diren, argitu gabeko zalantzak urte politikoaren hasieran.

Alderdi politiko guztiak 2015eko hauteskundeei begira

1:30

IKER GOMEZ / EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurpegi berri askorekin eta Gipuzkoan eta Araban zer gertatuko den jakiteko ikusminaz abiatu da urte politikoa. Alderdi politikoak datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begira egongo dira hasiera-hasieratik. Ikustekoa izango da Martin Garitanoren laguntzarik gabe EH Bilduk Gipuzkoako emaitzak errepikatzen dituen edota Arabako popularrek abertzaleen igoerari eusten dioten.

Bizkaia

Bizkaian, EAJren erronka nagusia azken urteotan lortutako emaitza paregabeak berdintzea izango da. Erantzukizun handiena Juan Maria Aburto egungo Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburuari eman dio EAJk, Bilboko Udalari begira. Azkunak inoizko emaitzarik onenak lortu zituen 2011ko hauteskundeetan (gehiengo absolutuarekin gobernatu dute jeltzaleek azken legealdian).

Foru Aldundian, litekeena da Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuak Jose Luis Bilbaoren tokia hartzea eta, hortaz, EAJren hautagai nagusia izatea. Hala ere, Itxaso Atutxak urriaren 7an emango ditu jakitera Bizkaiko hautagai jeltzaleen izenak.

Gainerako alderdiek ez dute oraindik euren estrategia iragarri. Ahots bakarra Alfonso Gilena izan da. Sozialistak bere burua eskaini zuen Bilboko alkatetzarako, baina PSE-EEk ez du oraindik hautagai ofizialik izendatu.

EH Bilduk ere ez du azken erabakirik hartu. Azken legealdian, bi emakumek eraman dute koalizioaren pisua Bizkaiko erakundeetan: Aitziber Ibaibarriagak, Bilboko Udalean, eta Irune Sotok, Foru Aldundian.

Bizkaiko PPrentzat hitzordu garrantzitsua izango da, maiatzean pairatutako emaitza txarren ondoren. Popularrek behin eta berriz azpimarratu dute Europako hauteskundeek ez dutela zerikusirik udal eta foru hauteskundeekin, baina jakin badakite euren erronka handia dela. Oraingoz, Cristina Ruiz Bilboko bozeramaileak Legebiltzarrera salto egin du eta, hortaz, PPk aurpegi berriak eraman beharko ditu 2015eko zerrendetara.

Gipuzkoa

Ikusmina handia da Gipuzkoan. Ikusteko dago EH Bilduk Aldundia eta Donostiako Udala berreskuratzen dituen. Koalizio abertzaleak Martin Garitanoren ondorengoa nor izango den ez du argitu oraindik. Hautagaien inguruan argi dagoen gauza bakarra da Helena Franco eta Larraitz Ugarte diputatuak ez direla EH Bilduren zerrendaburuak izango. Udalari begira, Juan Karlos Izagirrek ez du deus ere esan bozetara berriz aurkeztuko den ala ez argitzeko.

Bestalde, EAJk ahalegin handia egin beharko du 2011ko emaitza kaskarrak hobetzeko. Aldundia berreskuratzeko, Markel Olano izango da Gipuzkoako EAJren apustua, eta Udalari begira, Eneko Goia aukeratu dute jeltzaleek. Egun, EAJk Gipuzkoako lau alkatetza bakarrik ditu; beraz, indarrak jarriko ditu Udaletan ere emaitzak hobetzeko.

Sozialisten kasuan, Ernesto Gasco izango da PSE-EEren alkategaia eta, Aldundiari begira, Denis Itxaso aukeratu dute. Hala ere, Gipuzkoako sozialistek primarioak egin beharko dituzte, hautagaitzak ofizialdu aurretik.

Borja Semper Gipuzkoako popularren buruzagiak ez du oraindik hautagaien berri eman, baina seguruenik aurreko hauteskundeetako izenak errepikatuko dituzte: Ramon Gomez Ugalde (Donostiako Udala) eta Juan Carlos Cano (Aldundia).

Araba

Europako hauteskundeetako emaitzek joera aldaketa nabarmendu zuten Araban. Orain arte PP izan da nagusi, bai Aldundian eta baita Gasteizko Udalean ere, baina maiatzeko bozetan alderdi abertzaleek gorakada nabarmena izan zuten.

Javier de Andres ahaldun nagusiak EH Bilduren “indarra” onartu berri du, 2015eko hauteskundeei begira. Berrautaketara aurkeztuko den ez du argitu nahi izan, baina alderdi barruan segurutzat ematen dute. Litekeena da Javier Maroto alkateak ere bere burua aurkeztea, nahiz eta azken hilabeteotan etorkinen eta laguntza sozialen inguruan egindako adierazpen batzuengatik zurrunbilo politiko batean nahastuta izan den.

Arabako EAJk, ordea, uda aurretik iragarri zituen bere hautagaiak: Ramiro González Aldundia lortzeko lehian izango da eta Gorka Urtaran, berriz, EAJko alkategaia izango da datorren urtean.

PSE-EEn idazkari nagusia estreinatu berri dutenean, Arabako zerrendak prestatzen ari dira. Kritikoak eta Txarli Prieto alde batera utzita, ez dago argi nortzuk izango diren sozialisten apustu nagusiak Araban.

EH Bilduk Kike Fernandez de Pinedo Gasteizko Udaleko egungo bozeramailea eta Miren Larrion EHUko irakaslea aukeratu ditu Arabako ahaldun nagusi eta alkatetzarako hautagai.

Nafarroa

Bere ibilbide politikoko legealdi zailena izan berri duen arren, Yolanda Barcina izango da UPNko hautagaia. Aurkari nagusi EH Bildu izango duela jakin badaki, eta koalizioak bi aukera aztertuko ditu Nafarroan lortu zituen datuak berresteko: Adolfo Araiz edota Bakartxo Ruiz izan daitezke koalizioaren hurrengo zerrendaburuak.

Geroa Baik berretsi egin du Uxue Barkosen hautagaitza, eta Maria Chivite da Nafarroako sozialisten abal gehien jaso dituen izena. PPNk ez du adierazpenik egin datorren urteko hauteskundeen inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Bilbo Donostia argazkiak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Udal eta Foru hauteskundeak 2015