Politika -
Guardia Zibilaren txostena
Nafarroako Parlamentuak babesa agertu die D ereduko irakasleei
Ganberak azalpenak eman ditzan eskatu dio Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariari.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak adierazpena onartu dute astelehen honetan, D ereduko irakasleei babesa agertzeko, Guardia Zibilaren txosten polemikoaren ostean.
UPNk eta PPNk ez beste talde guztiek gogor kritikatu dute txostenaren edukia, eta irakasleak kriminalizatu nahi izatea deitoratu dute. Izan ere, ikastoletako irakasleen % 25ek ETArekin edo ezker abertzalearekin lotura dutela esan du Guardia Zibilak.
Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak aitortu egin du txostena izan badela, eta irakurri egin duela. Alderdiek, baina, horren berri jaso ez dutela esan dute.
Patxi Leuza Geroa Baiko parlamentariak proposatuta, Ganberak onartu egin du Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari agerraldia egitea eskatzea, horren inguruko azalpenak eman ditzan.
Carmen Albari ere eskatu diote Parlamentuan agertzea, eta "legez behartuta" ez badago ere, azalpenak ematea onartzea espero dutela esan dute Bilduk eta Aralar-NaBaik.