Politika -
Itun fiskala
Mendia: 'Ituna gorabehera PSEk EAJren oposizio izaten jarraituko du'
Bi alderdiek espero dute ituna 2014ko urtarrilerako indarrean sartzea, PSE-EEren bozeramailearen esanetan.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEren bozeramailaeak esan duenez, PSE-EE eta EAJ alderdiak negosiatzen ari diren ituna ixteko oraindik gauza "garrantzitsu batzuk ebatzi" gabe falta dira; halere, ituna ixten bada ere, PSE-EEk Iñigo Urkulluren Jaurlaritzaren oposizio izaten jarraituko du "esparru guztietan".
Mendiak ziurtatu egin du EAJren eta PSEren asmoa abuztuko azken egunetan biltzea dela, "akordiora hurbiltzeko eta ebatzi gabe dauden gauzak zehazteko, sozialistontzat garrantzitsuak direlako".
Aztertzen ari diren aldaketa fiskala da negoziazioaren erritmoa baldintzatzen duena, bi alderdiek nahi baitute datorren urteko urtarrilaren 1ean indarrean sartzea. Horretarako, araudia udazkenean onartu behar da eta, hori dela eta, itunak "irailerako itxita egon beharko luke".
PSE-EEren bozeramaile eta EAJrekin negoziatzeko taldeko kidearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak izan beharreko eginkizuna izan da EAJrekin eztabaida piztu duen gaietako bat, baina, onartu duenez, "aurreapausoak eman dira" eta "akordioa -fiskala- gertu dago".