Mundua -

Goi-bilera Bruselan

EBko buruzagiek oniritzia eman diote Von der Leyenen bide-orriari, gastu militarra berehala handitzeko

Horrela, Europar Batasuneko buruzagiek maileguetan 150.000 milioi euro bideratzeko tresna babestu dute, datorren hamarkadan Europa "berrarmatzeko" planaren baitan, erosketa militarretan lehentasunak finkatzeaz gain.

Antonio Costa, Volodimir Zelenski eta Ursula Von der Leyen. Argazkia: EFE
Antonio Costa, Volodimir Zelenski eta Ursula Von der Leyen. Argazkia: EFE

Zelenskiren irizpideen araberako bakea babestu dute EBko buruek Bruselan

0:38

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EBko estatuburuek eta gobernuburuek oniritzia eman diote Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen 'bide-orriari', gastu militarra berehala areagotzeko, 800.000 milioi euro inguru xahutu nahi baititu defentsan.

Horrela, Europar Batasuneko buruzagiek maileguetan 150.000 milioi euro bideratzeko tresna babestu dute, datorren hamarkadan Europa "berrarmatzeko" planaren baitan, erosketa militarretan lehentasunak finkatzeaz gain, Ukrainako gatazkak markatutako premia geopolitikoari erantzuteko EBren beste urrats batean.

Donald Tusk Poloniako lehen ministroak adierazi duenez, "Europak denbora asko galdu du, baina dena alda daiteke gaur", eta "armagintza lasterketari berriro heltzeko" eta "irabazteko" deia egin du.

Olaf Scholz Alemaniako jarduneko kantzilerrak EBk aurrekontuen egonkortasunerako arauak aldatu behar dituela defendatu du, 27 estatu kideek "epe luzera" gastu militarra handitu ahal izateko, eta ez soilik datozen urteetan.

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroaren hitzetan, "orain, garrantzitsuena Europa berrarmatzea da". "Ez dugu denbora askorik. Defentsan eta disuasioan gastatu eta gastatu behar da, hori da mezua. Eta, aldi berean, Ukrainari laguntzen jarraitu. Bakea nahi dugu, eta ezin da lortu Ukrainan bake iraunkorrik gabe", nabarmendu du.

Bart De Wever Belgikako haren homologoak iragarri du bere Gobernuari egitasmoak aurkeztuko dizkiola, BPGaren % 2 defentsara "uste baino azkarrago" bideratzeko. "2029an aurreikusita zegoen, baina mundua askoz azkarrago armatu behar da", azpimarratu du.

Zer beharko luke Europak bere burua defendatzeko AEBrik gabe?
Zer beharko luke Europak bere burua defendatzeko AEBrik gabe?

Zer beharko luke Europak bere burua defendatzeko AEBrik gabe?

0:47

Hungaria eta Italia

Bestalde, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak sare sozialetan idatzi duenez, atzo Frantzian egindako bilerek berretsi egin zuten "bakearen modalitateei dagokienez ados egon ez bagaitezke ere, bat gatoz Europako nazioen defentsarako gaitasunak sendotu behar ditugula esatean, eta estatu kideak ahaldundu behar direla, eta ez Bruselako burokratak".

Ulf Kristersson Suediako lehen ministroak Hungariak Ukraina babesteko duen mesfidantza kritikatu du. "Gehiengo handia dago Ukrainari babesa ematearen alde, baina ez dago adostasunik. Hungariak nabarmendu eta okerreko aldean jarri nahi badu, bere kontua da", aurpegiratu dio Orbani.

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa Europako kohesio funtsak berrarmatze egitasmora bideratzearen aurka agertu da. Italiak, beste estatu kide batzuekin koordinatuta, kohesiorako funtsak desbideratzea saihestu nahi du, diru hori horretarako erabiltzearen kontra dago, eta aurreikusitako helburuetarako mantendu behar dela defendatzen du, Italiako iturriek EFEri jakinarazi diotenez.

Meloniren Gobernua, aldiz, Errusiaren gertuko Europako estatuek funts horiek defentsarako erabiltzearen alde agertu da, beharrezkoa ikusten badute eta lehentasuntzat jotzen badute, baina zehaztu du Erroma ez dagoela prest kohesio-funtsak desbideratzeko armak erosteko.

Zelenskiren esker ona, Trumpekin izandako liskarraren ondotik

Europar Batasuneko gastu militarra areagotzeko eta Kievi babesa berresteko eztabaida Ukrainako presidentearen eta Donald Trump AEBko agintariaren arteko ika-mikaren ostean gertatzen ari da. Hori dela eta, Zelenskik eskerrak eman dizkio gaur EBri, Ukraina "bakarrik ez uztearren", eta gaineratu du ez direla "hitzak bakarrik", Kievek Bruselaren babesa sentitzen baitu.

"Oso garrantzitsua da. Keinu garrantzitsua egin zenioten Ukrainari, borrokalariei, zibilei, gure familia guztiei, eta zoragarria da gu bakarrik ez egotea. Sentitzen dugu eta badakigu. Eskerrik asko guztiagatik", azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Brusela Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski