Mundua -
Goi-bilera Egipton
Arabiar Ligak, Afrikako Batasunak, NBEk eta EBk Egiptoren plana babestu dute Gaza berreraikitzeko
Babes hori bultzada emango dio Egiptori, Washingtonen presioak jasotzen ari baitira Egipto eta Jordania beren lurraldeetan ehunka mila palestinar har ditzaten. AEBk eta Israelek palestinarrak Zerrendatik kanporatu nahi dituzte.
Agentziak | EITB Media
Egiptok Arabiar Ligako estatuen, Afrikako Batasunaren, Europar Batasunaren (EB) eta NBEren idazkari nagusiaren babesa lortu du gaur, Gazako Zerrenda berreraikitzeko eta bitartean palestinarrak bertan jarraitzeko egitasmoari dagokionez. AEBk eta Israelek, aldiz, nahi dute palestinarrak beste herrialdeetara kanporatzea.
Babes hori Egiptoko Administrazio Hiriburu Berrian, Kairotik 45 bat kilometrora, egin den Arabiar Ligako buruzagien ezohiko goi-bileratik atera da. Bertan izan dira, gainera, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia, Antonio Costa Europako Kontseiluaren presidentea eta Joao Lourenco Afrikako Batasunaren buruzagia, besteak beste.
Babes hori bultzada eman dio Abdel Fatah al-Sisiren Egiptoko Gobernuari. Donald Trumpen Administrazioa presioa egiten ari zaie Egipto eta Jordaniari, beren lurraldeetan Zerrendatik kanporatutako ehunka mila palestinar ditzaten. AEBk Zerrendaren kontrola bere gain hartu eta "Ekialde Hurbileko Riviera" bihurtu nahi du Gaza, Israelen babesarekin.
Hamas Palestinako erresistentzia erakundeak ere bere babesa eman dio berreraikitze egitasmoari, eta haren arrakasta bermatzeko osagai guztiak prestatzeko deia egin du.
53.000 milioi eta bost urte baino gehiagoko lana
Aurreikusitakoaren arabera, Egiptoren egitasmoa —orain baita Arabiar Ligako estatu guztiena ere— gauzatzeko 53.000 milioi dolarreko inbertsioa eta bost urte baino gehiagoko lanak egin beharko dira, eta bi fasetan banatu.
Hasiera batean, sei hilabeteko fase bat aurreikusten da, 3.000 milioi dolar inbertituko diren hondakinak kentzeko hasierako lanak egiteko eta zazpi eremu zabaltzeko 1,5 milioi palestinar aldi baterako hartzeko.
Lehen berreraikitze-faseak bi urte iraungo luke, eta 20.000 milioi dolarreko inbertsioa beharko litzteke hondakinak kentzeko, "partzialki suntsitutako" 60.000 etxe inguru zaharberritzeko, eta 200.000 etxebizitza eraikitzeko 1,6 milioi pertsonari ostatu emateko.
Halaber, aurreikusten da itsasoko urari gatza kentzeko bi estazio, edateko urarentzako bi andel handi, ureztatzeko bi eta ur zikinak tratatzeko bi lantegi eraikitzea.
Bi urte eta erdi eta 30.000 milioi dolar gehiago beharko dira berreraikuntzaren bigarren eta azken fasea amaitzeko. Fase horretan funtsezko zerbitzuen sarea bukatzea aurreikusten da.
Guztira, Gazako Zerrendak 460.000 etxebizitza inguru izango ditu hiru milioi pertsonari ostatu emateko.
Nazioarteko tropak zabaltzea
Hori guztia teknokratek osatutako batzorde independente batek kudeatuko du. Bitartean, Palestinako Aginte Nazionalak Zerrendako burokrazia eta segurtasun zerbitzu guztiak gobernatzeko trebakuntza jasoko du.
Segurtasunari dagokionez, egitasmoak aurreikusten du NBEren Segurtasun Kontseiluari nazioarteko tropak zabaltzeko eskatzea.
Horretarako beharko den dirua datozen asteetan Kairon egingo den goi-bilera batean bilduko omen da.