Mundua -

Goi-bilera Londresen

Londresko goi-bilerak Ukrainan bake "justu eta iraunkorra" lortzeko ekimen europarra indartzea du xede

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Europako 14 herrialdetako buruzagiak hartuko ditu igande honetan, Europar Batasuneko eta NATOko arduradun nagusiekin batera, Ukrainarako bake-negoziazioen aurrean jarrerak batu eta indartzeko.

Keir Starmerrek Volodimir Zelenski hartu du Downing Streeten.
Keir Starmerrek Volodimir Zelenski hartu du Downing Streeten.

Europako buruzagien igandeko goi-bilera prestatzen ari dira Zelenski eta Starmer

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Europako 14 herrialdetako liderrak eta Europako eta NATOko arduradun nagusiak Londresera deitu ditu igande honetarako, goi-bilera informal batean Ukrainaren etorkizunaz eta Europaren jarreraz hitz egiteko. Ukrainarako bake "justua eta iraunkorra" bermatzea eta Ukrainarako bake-negoziazioen aurrean jarrerak batu eta indartzea izango du xede bilerak. 

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere izango da bertan, larunbatean Downing Streeteko 10.ean Starmerrek berak harrera egin ostean. Espainia, Frantzia, Italia, Danimarka, Herbehereak, Norvegia, Turkia, Finlandia, Suedia, Txekia, Polonia, Alemania eta Errumania ere izango dira bertan ordezkatuta. 

Hasiera batean Europako buruzagiak bakarrik joan behar ziren goi-bilerara, baina Donald Trump AEBko presidenteak eta JD Vance AEBko presidenteordeak Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin izandako liskar gogorra ikusita, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak ere Londresera bidaiatzea erabaki du.

Trump boterera iritsi zenetik, Kanadak (AEBren aliaturik estuena izandakoa) etengabeko erasoak jasan ditu AEBko administrazio berriaren aldetik, eta horrek Europara begira jarri du Ottawa, kontinente zaharreko estatuetan babesa bilatzera. 

Halaber, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentea eta Mark Rutte NATOko idazkari nagusia ere izango dira bertan. 

Starmer: "Erresuma Batu osoaren babesa duzu"

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Downing Streeten hartu du, igandeko bilera prestatzeko. Starmerrek "Erresuma Batuaren babes osoa" duela nabarmendu dio Zelenskiri.

"Utzidazu esaten erabat ongi etorria zarela Downing Streetera. Kaleko oihuak entzunda ikusi ahal izan duzunez, babes osoa duzu Erresuma Batuan. Zuekin egongo gara, Ukrainarekin, beharrezkoa den denbora guztian", azpimarratu du.

Starmerrek esan dio Ukrainaren subiranotasuna eta segurtasuna kontuan hartuko dituen "bake iraunkorra lortzea" dela denen helburua. "Hori oso garrantzitsua da Ukrainarentzat, Europarentzat eta Erresuma Batuarentzat", gaineratu du.

Gobernu britainiarraren egoitzaren barruan, Zelenskik eskerrak eman dizkio harreragatik. "Pozik nago hemen egoteaz. Jende asko ikusi dut zain, eta eskerrak eman nahi dizkiot Erresuma Batuko herriari babes zabal honengatik. Eskerrik asko zuri eta zure taldeari", adierazi du.

Zelenskik berak baieztatu du Ingalaterrako Charles III.a erregearekin bilduko dela bihar. "Oso pozik nago erregeak igandean bilera bat egitea onartu duelako", iragarri du.

Zelenski zoriontsu agertu da "Ukrainak horrelako bazkide estrategikoak dituelako". "Dokumentu historiko bat sinatu dugu, 100 urteko akordioa", esan du. "Horrelako akordio bakarra Erresuma Batuarekin dugu; beraz, oso pozik gaude zuen babesa dugulako", erantsi du.

Trump errespetatzeko eskatu dio Ruttek Zelenskiri

Donald Trump AEBko buruzagiarekin duen "harremana berrezartzeko modua aurkitzeko" eskatu dio Ruttek Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari larunbatean, Etxe Zuriko bilera "zoritxarrekoa" eta "zalapartatsua" izan eta biharamunean. 

BBCri eskainitako elkarrizketa batean, Rutte ziur agertu da AEBko presidentea "konprometitua" dagoela NATOrekin eta Ukrainan bake justu eta iraunkorra lortzeko ahaleginarekin.

Orbanek Errusiarekin hitz egiteko deia egin du

Viktor Orban Hungariako lehen ministroak Europar Batasunari eskatu dio Trumpen administrazioaren ereduari jarraitzeko eta Errusiarekin zuzeneko elkarrizketak abiatzeko  Ukrainan su-etena eta bake-akordioa lortzeko.

Europako Kontseiluko presidente Antonio Costari bidalitako gutunean (DPA agentzia alemaniarrak eskuratu du), EBko kideen artean Ukrainari buruzko adostasuna lortzeko zailtasunak daudela adierazi du Orbanek. 

Errusiak abiatutako gerran EBren batasunerako oztopo handia izan da Hungaria. Orbanek erronka jo zion Bruselari, iaz Vladimir Putin presidente errusiarra bisitatu baitzuen Moskun. Gainera, Europar Batasunak Moskuri jarritako zigorren aurka agertu da.

Melonik AEBren eta Europaren arteko goi-bilera baten alde egin du

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eta Europaren arteko goi-bilera baten premiaz hitz egin du, ostiralean irekitako krisiaren ostean urak baretze aldera. 

"Mendebaldeko zatiketa bakoitzak ahulago bihurtzen gaitu eta mesede egiten die gure zibilizazioaren gainbehera ikusi nahi dutenei", ohartarazi du Melonik ostiraleko azken orduan argitaratutako ohar batean.

Zatiketa hori "inori komeni ez" zaionez, Melonik "AEBren, Europaren eta aliatuen arteko berehalako goi-bilera" egiteko deia egin du, "argi eta garbi hitz egiteko egungo erronka handiei nola egingo diegun aurre, Ukrainatik hasita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Europa Erresuma Batua NATO Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski