Mundua -
Gerra Ukrainan
Ukrainako gerrak 1.000 egun bete ditu: Moskuk etengabe aurrera egiten du eta Kievek soldadu gehiago behar ditu
Testuinguru horretan, Bidenek AEBko ATACMS misilak Errusian erabiltzeko aukera eman dio Kievi. EBko goi diplomazialariek adierazi dutenez, orain inoiz baino laguntza handiagoa eman behar zaio Ukrainari, Trumpek urtarrilean Etxe Zurira itzulitakoan erabakitzen duenaren zain.
EITB Media
Ukrainako gerrak 1.000 egun bete ditu gaur. Errusiak egunero aurrera egiten jarraitzen du ekialdean, eta Ukrainak soldadu gehiago behar ditu. Hala ere, azken orduetan aldaketa garrantzitsu bat izan da Ameriketako Estatu Batuak ematen ari den laguntzan: ATACMS misilak Errusiako lurraldean erabiltzeko aukera.
Kieven eskakizunetako bat Errusiaren erasoari aurre egiteko 300 bat kilometroko irismena duten misil horiek erabiltzeko aukera izan da. Viacheslav Volodin Dumaren —Errusiako diputatuen ganberaren— presidenteak ohartarazi duenez, Ukrainari irismen luzeko misilak erabiltzeko baimena emateak "Ukrainaren etorkizuna eta zortea baino ez ditu okertuko". Gerrak hiru urte beteko ditu datorren otsailean.
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz hitz egin zuen iragan ostiralean, 2022tik lehenengo aldiz, eta Ukrainako gerra amaitzeko eta bake "justu eta iraunkorra" lortzeko Kievekin bake negoziazio serio batzuetan parte hartzeko eskatu zion. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak kritikatu egin zituen elkarrizketak, "Pandoraren kutxa" irekitzea ekar dezaketelako.
Errusiak aurrera egiten du etengabe Donetsken
Duela urtebete baino gehiago Errusiak berrekin zionetik —izan ere, Ukrainaren bigarren kontraerasoak ez zuen ekarri aurreikusitako ondoriorik—, Moskuko indarrek aurrera egin dute etengabe Donetsk eskualdean, ekialdean. Hala ere, Moskuk oraindik ez du lortuko lurralde osoa kontrolatzea.
Errusiaren azken hilabeteetako lorpen nagusia urriaren hasieran Donetskeko hegoaldeko Vugledar hiria bereganatzea izan zen.
Errusiaren balizko erasoaldia Zaporizhian
Gainera, Ukrainak ohartarazi du Errusiak Zaporizhia probintzian ere erasoaldi bat abiarazteko asmoa duela, eta horrek presio are handiagoa egingo liokeela Kieveko defentsa-lerroari. Ikusteko dago, ordea, Errusiak beste fronte batean aldi berean estutzeko gaitasuna ote duen.
Washingtongo Gerra Aztertzeko Institutuaren (ISW) arabera, Errusiako Armadak 414 kilometro karratu kontrolatzea lortu zuen urrian, hau da, Moskuk hilabetean izandako aurrerapauso handiena, 2022ko udatik.
Errusiaren garaipen horiek onartzen dituen arren, Kievek azpimarratzen du Mosku galera ikaragarriak (soldaduak eta materialak) izaten ari dela. Horrela, gerraren bigarren urtetik egiten duten bezala, Zelenskiren Gobernuak Kremlin baja horiek ordezkatzeko gizonik eta ekipamendurik gabe geratzeko itxaropenari eusten dio.
Kursk eskualdearen zati batek Ukrainaren kontrolpean jarraitzen du
Errusiako Kursk eskualdean ere oraindik badago borrokaldirik. Kievek abuztuan hasi zuen gerraren mugaz gaindiko operaziorik handiena, eta ordutik lurraldearen zati bat kontrolatzen du. Ukrainako tropek muga zeharkatu eta hiru hilabete baino gehiagora, Errusiako Armadak ezin izan ditu oraindik bere lurraldetik bota.
Ukrainak Kursken egindako operazioak Errusiaren ekialdeko erasoaldia moteltzea zuen helburu, baina orain arte ez da horrelakorik gertatu.
Testuinguru horretan, Hego Koreako, Ukrainako eta Mendebaldeko inteligentziaren arabera, Putinek oniritzia eman dio mugako eskualde horretan Ipar Koreako 10.000 soldadu inguru zabaltzeari, Moskuk eta Piongiangek erasorik izanez gero elkarri laguntzeko sinatutako akordioan jasota dagoen aukera.
Zalantza, Trump itzuliko dela eta
Fronteko egoera zaila izan arren, EBren laguntza finantzario, militar eta humanitarioak eta NATOren arrakalarik gabeko babesak azaltzen dute, neurri batean, Ukrainak Errusiari 1.000 egun horietan aurre egiteko izan duen gaitasuna.
EBko goi diplomatikoek adierazi dutenez, orain inoiz baino gehiago babestu behar da Ukraina, Donald Trump errepublikanoak urtarrilean Etxe Zurira itzulitakoan erabakitzen duenaren zain.
Errusiaren inbasioa hasi zenetik, EBk 108.000 milioi euro inguru jarri ditu Ukrainaren esku, laguntza finantzario, humanitario eta militarrean, baita 4,3 milioi ukrainarren beharrizanei erantzuteko ere.
NATOk, bestalde, uztailean Washingtonen egin zuen goi-bileran Alemaniako base militar batek aginte berri bat martxan jartzea bultzatu zuen, laguntza militar guztia eta soldadu ukrainarrak prestatzeko nazioarteko misioak koordinatzeko. Era berean, Ukrainari 40.000 milioi euroko laguntza militarra ematea adostu zuen.