Mundua -
Heriotza
Celeste Caeiro hil da, Portugalgo iraultzari krabelinekin izena eman zion emakumea
Caeiro, Alderdi Komunistako militantea, 91 urte zituela zendu da. Bere ekintzak indarkeriarik gabeko iraultza bati eman zion izena.
Agentziak | EITB Media
Celeste Caeiro, bere krabelinekin Portugalgo iraultzari izena eman zion emakumea, gaur hil da, 91 urte zituela, haren bilobak sare sozialetan baieztatu duenez. Aurten, apirilaren 25ean, diktadurari amaiera eman zion Krabelinen Iraultzaren 50. urteurrena bete denean heldu haren heriotza.
Ama espainiarra zuen, eta Lisboako Sifire jatetxeko arropategian egiten zuen lan altxamendua gertatu zenean.
2014an egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, jatetxeko jabeek festa bat egin nahi izan zuten 1974ko apirilaren 25ean, establezimenduaren lehen urteurrena ospatzeko, eta loreak erosi zituzten.
Egun hartan, lanera iritsi zenean, atea itxita aurkitu zuen, eta nagusiak esan zien ez zutela irekiko iraultza bat gertatzen ari zelako, eta loreak eramateko, gal ez zitezen.
Bere buruzagien aholkuen aurka, Caeirok etxera zuzenean ez joatea eta zer gertatzen zen jakitea erabaki zuen, aurretik krabelin gorri eta zuri batzuk besapean hartuta.
Metroz joan zen Lisboako Rossio plazara, Largo do Carmoren hasieran, non faxisten tankeak agindu berrien zain zeuden goizaldetik, tentsioz beteriko itxaronaldi batean.
"Haiei begiratu eta soldadu bati esan nion: Zer da hau? Zertan ari zarete hemen? 'Carmoko kuartelera goaz, han baitago Marcello Caetano presidentea' (Salazarren erregimenaren oinordekoa)", erantzun zioten, Caeirok egindako kontakizunaren arabera.
Goizeko bederatziak inguru ziren, eta soldaduak, ordu batzuk guardian eman ondoren, zigarro bat eskatu zion emakumeari. Berak erretzen ez zuenez, baina militarrari lagundu ezinik gaizki sentitzen zenez, aldean zeraman krabelinetako bat eskaini zion.
"Krabelin bat hartu nuen, lehena gorria izan zen, eta berak onartu egin zuen. Hain txikia naizenez, eta bera tankearen gainean zegoenez, besoa luzatu behar izan zuen, krabelinari heldu eta fusilean jarri zuen", kontatu zuen.
Berehala, gainerako soldaduek laguna imitatu zuten, eta emakumeari krabelin gorri edo zuri horietako bat eskatu zioten, denak banatu arte.
Berak, Alderdi Komunistako militanteak, ez zuen espero keinu xume horrekin historia liburuetara pasatuko zenik; izan ere, gertakari hura jazo eta ordu batzuetara, lore-saltzaile guztiak inori krabelin bat ez faltatzeko lanean aritu ziren, lore hori askatasun ikur bihurtuta.
Caeiroren ekintzak iraultza bati eman zion izena, odolik isuri ez zelako gogoratzen dena.