Mundua -

Urtemuga

Urtebeteko sarraskia Gazan, itxaropena galduta eta gatazka Ekialde Hurbilera zabalduta

Ia 42.000 pertsona hil, 97.000 zauritu eta 10.000 desagertu dira. Gazatarren % 90 etxetik atera behar izan dira. Bitartean, aurrekaririk gabeko eraso oldea bizi du Libanok.

Al Shifa ospitalea (Gaza)
Al Shifa ospitalea (Gaza)
Urtebeteko sarraskia Gazan: gerraren datuak

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek Gazako eraso oldea areagotu zuenetik urtebete igaro denean, etorkizun iluna iragartzen du israeldarren eta palestinarren arteko gatazka historikoak. Orain arte Gazan bizitako unerik latzenean, biktimen eta kalteen uholdea etengabea da.

2023KO URRIAREN 7A: 06:30 aldera, Hamasek —beste talde armatu batzuen eta palestinar zibilen laguntzarekin— eraso "koordinatua" (Nazio Batuen eta Israelgo Armadaren hitzetan) burutu zuen Gazako Zerrendako mugan. 2.220 kohete jaurtita, 1.200 lagun hil (809 zibil eta 314 militar), 14.970 zauritu eta 252 bahitu zituen.

18:00ak aldera iritsi zen Israelen erantzuna. Gerra egoera deklaratu, eta aurrekaririk ez duen operazio militar bat abiatu zuen palestinarren kontra.

2023KO URRIAREN 8A: Hezbollahko miliziek Israel iparraldeko herrien aurkako erasoak hasi zituzten. Urriaren 27an, "eskala handiko" inbasioari ekin zion Armadak.

Aste horretan, nazioarteko bitartekaritzari esker, Israelek 250 preso palestinar askatu zituen. Trukean, bahitutako 105 zibil utzi zituen aske Hamasek. Menia adosteko bidea antzua izan zen, ordea.

Batetik, Israelek salatu zuen Hamasek ez zuela emakume eta haur guztiak askatzeko asmorik. Bestetik, mugimendu islamiarrek Israelgo Armadari aurpegiratu zion ez zuela erasoaldia eten, eta kanpotik iritsitako laguntza blokeatzen ari zela, "herritarrak itotzeko" ahaleginean.

Su-etena bukatuta, Israelek lurreko erasoak bizitu zituen, eta agerian geratu zen nazioartea ez zela asmatzen ari.

Gazatarren % 6 hil da edo zaurituta daude

Hurrengo hilabeteetan, Gaza erabat suntsitu du Israelek, eta nazioartea ez da egoera horri aurre egiteko gai izan.

Gazatarren % 6 hil da edo zaurituta daude. Guztira, 42.000 pertsona hil eta 97.000 zauritu ditu Israelek. Gainera, 10.000 herritar desagertuta daude hondakinen artean, eta 100 bat, bahituta. Zauritutako pertsonen laurdenak bizi osorako ezinduta utzi dituzte.

Escombros. Foto: EFE

Gazako 516 ospitaleren kontrako erasoak egin dituzte, eta 765 gaixo eta 1.000 sendagile hil dituzte. Botika gutxi dituzte, erregairik gabe daude, eta langileen kopurua nabarmen murriztu da. 

Ospitaleen % 43 partzialki ari dira lanean. 1.500 ohe daude erabiltzeko moduan (650 ohe gehiago dituzte behin-behineko ospitaleetan).

Gerra bizitu aurretik, herritarren % 20k buruko gaitzak zituzten, eta susmoa dute hamabi hilabeteko erasoaldi bortitzek okertu egin dutela egoera. Ez dago onkologia zerbitzurik, ez dute erresonantzia magnetikorik egiten, ezta kirurgia pediatriko bereziturik ere.

Laguntza humanitarioa, inoizko mailarik txikienean

Egunero dozenaka pertsona hiltzen dituzte Gazako Zerrendan, eta egunetik egunera premia humanitarioak handiagoak dira. Laguntza, aldiz, nekez iristen da, geroz eta kamioi gutxiago heltzen baitira Gazara.

Nazioarteko erakundeek salatu dute gerra areagotu zenetik Israelgo agintari politiko eta militarrek zaildu egin dutela laguntza humanitarioaren iritsiera. Gainera, muturreko taldeek zibilen kontra egin dute, kamioiei eraso eginda, eta gazatarrak jakirik eta botikarik gabe utzita.

Llega ayuda humanitaria a Gaza. Foto: EFE

Orain dela urtebete 500 kamioi inguru sartzen ziren egunero Gazako Zerrendara, Nazio Batuen arabera. Iragan abuztuan, berriz, 1.559 kamioi heldu ziren hilabete osoan, Kerem Shalomgo eta Rafahko pasabideak igarota, nahiz eta hainbat tokitan gosetea dagoen.

Orotara, 1,9 milioi palestinarrek (herritarren % 90ek) egin behar izan dute alde euren bizitokietatik erasoaldien ondorioz. Gazatar askok, gainera, behin baino gehiagotan aldatu dute bizilekua, toki "seguruetan" bizi baziren ere.

Refugiados. Foto: EFE

Gosetea, gaixotasunak, suntsiketa, osasun sistemaren gainbehera eta premia biziko produktuen gabezia nahi baino gehiago ari dira hazten.

Libano, lehen lerroan

Israelen eta Hezbollah Libanoko talde xiitaren arteko gatazka da orain arretagune. Urtebetean izan dituzten liskar gogorrenak orain ari dira bizitzen. Libanoko Osasun Ministerioaren datuen arabera, 2.000 libanoar zendu eta 9.600 zauritu dira Israelek egindako erasoetan.

Bigarren mailakoa bide zen agertoki horretan, indarkeria ziklo latza zabaldu zen irailaren 17an, Israelek Hezbollah jomugan hartu, eta Beiruten erasoak egiten hasi zenean.

Ataque en Beirut. Foto: EFE

Bi aste geroago, libanoarrek gertatutakoa irentsi ezinik jarraitzen dute, herrialdea erasopean dago, eta Israelgo tropak Libanon sartu dira. Esan bezala, Hezbollahk 2023ko urriaren 8an bota zuen Israelen aurkako lehen jaurtigaia. 

Orduan, baina, pentsaezina zen handik urtebetera 2006ko gatazkaz geroztik bizi izan duten liskar odoltsuenean murgilduko zirenik.

Gizartea zatituta

Onarpenik ez izatetik inkesteten buru izatera igaro dira, berriro, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu eta bere koalizio gobernua, inoiz herrialdeak izan duen muturrekoena. Aldaketa nabarmenik izan ezean, Netanyahuren koalizioak berriro irabaziko lituzke hauteskundeak.

Jendearen babesa irabaziz joan bada ere, Likud alderdia gehiengo osotik oso urruti dago oraindik, eta koalizio barruko tirabirak areagotuz doaz.

Zatituta dagoen gizarte baten isla dira tentsio horiek. Besteak beste, erreforma judizialak zatitu ditu israeldarrak, baina Armadan judu ultraortodoxoak sartzeak ere izan du zerikusirik horretan, baita ekonomiaren bilakaerak ere.

Manifestación en Tel Aviv. Foto: EFE

Azken puntu horretan, aipatzeko modukoa da 2025eko aurrekontua ez dutela oraindik onartu, eta gerrak 20.000 milioi euroko gastua ekarri diola Israeli.

Martxoaren 31 baino lehen aurrekontua onartzen ez badute, Gobernua desegin eta bozak aurreratuko dituzte.

Geroz eta isolatuago

Netanyahuren Gobernuaren bilakaerak (Botere Judua eta Sionismo Erlijiosoa alderdi ultranazionalisten babesari eusteko beharraren gatibu) ere nazioartetik aldendu du Israel.

AEB (orain arteko aliatu diplomatiko eta militar nagusia) ere, gero eta kritikoagoa da agintari israeldarrekin. Zenbait kolono zigortu ditu Zisjordanian, eta arma gutxiago bidaltzen ari da, Gazako Zerrendan zibilek pairatzen dituzten ondorio neurrigabeak direla eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Libano Hamas