Mundua -

Ekialde hurbila

Israelek gerra egoera ezarri du Gazatik eraso gogorra jaso ostean

Israelek gerra egoera ezarri du Gazatik jasotako eraso gogorraren ondotik. Hamasen ezusteko eraso gogorrari "Burdinazko ezpatak" operazioarekin erantzuten ari da. "Palestinarrek kolono israeldarren terrorismoaren aurka defendatzeko duten eskubidea" azpimarratu du Abbasek.

Haurrak, Palestina Dorrearen hondakin artean. Argazkia: EFE.
Haurrak, Palestina Dorrearen hondakin artean. Argazkia: EFE.
Haurrak, Palestina Dorrearen hondakin artean. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek Gazan egindako bonbardaketa gogorrek, Gazatik Israelera jaurtitako 5.000tik gora kohetek, eremu israeldarrak kontrolpean dituzten milizia palestinarren aurkako borrokek eta palestinarrek bahitutako dozenaka israledarrek markatu dute larunbat honetan modu gordinenean berpiztu den gerraren kapitulu berri bat.

Gutxienez 480 pertsona hil dira bi aldeen artean hamabi ordutan, 232 palestinarren aldean eta 250 israeldarren artean, eta 1.700 palestinar eta 1100 israeldar zauritu.

Larunbat goizean, "Al Aqsako ekaitza" izeneko erasoaldiak ustekabean harrapatu du Israel. Gazako miliziano palestinarrek lurrez, itsasoz eta airez egindako erasoa izan da, mugako eremuari eraso egin diote, eta Israelen barrena sartuta, aurrera egin ahal izan dute, Israelgo Gobernuaren eta Segurtasun Aparatuaren nahasmena probestuz. Izan ere, Isrealek Gazaren mugakide diren gune garrantzistuen eta komunitate israeldarren gaineko kontrola galdu du. Horietako batzuek ez dituzte, gainera, oraindik berreskuratu eta tentsioa handia da eremu horietan. Koheteek zerrendatik gertu dauden lekuetan jo dute, baina baita Israelgo erdialdean eta Jerusalemen edo Tel Aviven ere. 

Eraso horren ondorioz hil dira oraindik zehaztu gabeko soldadu eta zibil kopuru bat. Gainera, gutxienez berrogeita hamar zibil eta militar bahitu dituzte milizianoek eta Gazan gatibu hartu dituzte.

Daud Shibab Jihad Islamikoaren bozeramaileak jakinarazi du Jihadek bat egiten duela Hamasen erasoarekin, eta adierazi du "erresistentzia palestinarreko erakundeen eskuetan dauden gatibu guztiak" askatzeko, lehenik "Israelgo kartzeletan dauden preso guztiak" askatu beharko dituztela, Haaretzek jasotako ohar baten arabera. Oraintxe bertan, B 'Tselem gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 4500 preso palestinar inguru daude Israelgo kartzeletan.

Hamasek 16 urte baino gehiago daramatza Gaza kontrolatzen eta erasoaldia arrakasta militartzat jo du; "borrokarekin jarraitzeko" eta "epe luzera" aurre egiteko prest dagoela dio.

Gazatarren erasoei batu behar zaizkie israeldarren errepresaliak. Gazan egindako aire-erasoekin, Zerrendako bi dorre garai eraitsi ditu Israelek. Gainera, Israelgo agintariek elektrizitate-fluxua eten du inguru horretan eta zentral elektriko nagusia eten du; hala, Gazan lau orduz baino ez dute izango argia.

Palestina Dorrea eraitsi du Israelek. EFE.

Gazan gelditu direnak beren etxeetan babestu dira, baina milaka lagunek ihes egin dute iparraldetik, Gaza hiriko errefuxiatu palestinarrentzako NBEren eskoletan ostatu hartzeko.

Arratsaldeko azken orduan, Israelgo indarrek milizianoen aurka borrokatzen jarraitzen zuten, gutxienez hogei tokitan, Gazaren mugakide den Israelgo lurraldean. Bertan, Al Qasam Brigadek 50 posizio eraso dituztela ziurtatu dute, horien artean base militarrak eta leku estrategikoak, hala nola Erezeko muga-pasabidea edo Ashkelon Israelgo espetxea.

"Israelgo herritarrok, gerran gaude"

Israelgo Armadak gerra egoera ezarri du gaur goizean Gazatik jaso duen eraso gogorraren ostean eta "Burdinezko ezpatak" operazioarekin erantzuten ari da, airetik Gaza bonbardatuz. 

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak argi hitz egin du: "Israelgo herritarrok, gerran gaude. Hau ez da operazio bat edo oldarraldi bat, gerra bat baizik". "Gure herria gerran dago, eta irabaztera goaz", gaineratu du lehen ministroak. Israelgo Segurtasun kontseiluaren premiazko batzarra antolatu du Netanyahuk, eta ohartarazi du "gure etsaiak sekula ikusi ez duen prezioa ordainduko" duela.

Arratsaldeko azken orduko mezuan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak lurralde horretatik ihes egiteko deia egin die Gazako Zerrendako palestinarrei, eta Hamas dagoen leku guztiak "hondamendi" bihurtuko dituztela ohartarazi du.

"Hamas antolatuta dagoen leku guztiak, gaizkiaren hiri hau, Hamas ezkutatzen den eta jarduten duen duen leku guztiak txikituko ditugu. Gazako biztanleei esaten diet: atera zaitezte handik orain, leku guztietan eta indar osoz jardungo dugulako", adierazi du Netanyahuk.

"Gerra honek luze joko du. Gogorra izango da. Oraindik egun zailak datozkigtu aurretik. Baina gauza bat berma dezaket: Jainkoaren laguntzarekin, gu guztion indar bateratuen laguntzarekin, Israelen betierekotasunean dugun fedearen laguntzarekin, irabazi egingo dugu", gaineratu du.

Netanyahu, israeldarrei zuzentzen.

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak ere segurtasun batzarra egin du bere gobernukideekin eman beharreko pausoak erabakitzeko.

"Presidenteak herritar palestinarrak babesteko argibideak eman ditu", Wafa albiste-agentzia palestinarrak zabaldu duen adierazpenean agertzen denez.

Era berean, Abbasek "kolono israeldarren eta okupazio indarren terrorismoaren aurka defendatzeko palestinarrek duten eskubidea" aldarrikatu du.

Azkenik, hilabeteotan Zisjordaniako herritarrei eraso egin dieten "kolono talde eta indar okupatzaileen krimenen aurrean palestinarren indarrari eusteko herritarrei beharrezko guztia emateko" deia egin du Abbasek.

Gatazkarik gordinena, beste behin, Israel eta Gaza artean
Gatazkarik gordinena, beste behin, Israel eta Gaza artean
Gatazkarik gordinena, beste behin, Israel eta Gaza artean

0:42

Nazioarteko komunitatearen erantzuna

Palestinaren eta Israelen arteko muturreko indarkeriaren bolada berriak nazioarteko eragile gehienen berehalako erreakzioa eragin du.

Volker Türk NBEren Giza Eskubideetarako goi mandatariak palestinarren erasoa gaitzetsi du, eta "indarkeria berehala etetea" eskatu du, "alde guztiei eta eskualdeko herrialde nagusiei tentsioa jaisteko eta odol isurketa gehiago saihesteko".

Gainera, Brasilek, NBEko Segurtasun Kontseiluko presidente denak, organoaren "larrialdiko bilera" deitu du, eta, azkenean, igande honetan bertan bilduko da.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi duenez, "Israelek bere burua defendatzeko eskubidea du". Bestalde, AEBko Gobernuak errotik gaitzetsi du milizia palestinarrek Israelgo lurren eta herritarren kontra abiatutako operazioa, eta Israeli erasoetatik babesteko behar duen material guztia emango diola ziurtatu du.

Era berean, besteak beste, Espainia, Frantzia, Alemania, Portugal, Erresuma Batua, Txile, Mexiko, Uruguai, Kolonbia eta Australiak ere gaitzespena agertu dute. Errusiak indarkeria berehala etetea eta negoziazio mahaira itzultzea eskatu du.

Egiptok, Palestina eta Israelen arteko bitartekari nagusiak, bien arteko indarekria geldiarazteko bi potentziekin harremaetan dagoela esan du.

Israelek eta Gazako milizia palestinarrei indarkeria berehala uzteko eskatu diete gaur herrialde arabiarrek. Aldi berean, Iranek eta Iranen aldeko talde xiitek, Hizbulá libanoarrak eta Yemengo hutiek, babes argia erakutsi diete Palestinako miliziei estatu juduaren aurka.

Liga Arabiarrak (22 estatuk osatzen dute) ohar batean ohartarazi duenez, "palestinarren eta israeldarren arteko liskar armatuen zikloak etorkizun hurbilean egonkortasuna edo bakea lortzeko edozein aukera errealetik urruntzen du eskualdea".

Palestinaren aldeko manifestazioa Yemenen. EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Jerusalem Ekialde Hurbila