Mundua -
Haga Israelen aurka
Hagak legez kanpokotzat jo ditu Palestinako kokalekuak, eta legeak deuseztatzeko eskatu dio Israeli
"1967an okupazioa hasi zenetik" gaurdaino "eragindako kalteak guztiz konpontzeko betebeharra" duela ohartarazi dio Israeli. Netanyahuren iritziz, ebazpena "zentzugabea" da eta "egia historikoari" erreparatzeko eskatu du; Palestinako Aginte Nazionalak pozik hartu du erabakia.
EITB Media
Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak beste zartako bat eman dio Israeli ostiral honetan, estatu horrek Palestinan dituen kokalekuak legez kontrakotzat jo baititu. Ez hori bakarrik, "legez kanpoko egoera sortzen edo mantentzen duten lege eta neurri guztiak baliogabetzea" eskatu dio, baita "eragindako kalteen ordain osoa" eta "kolono guztiak handik ateratzea" ere, besteak beste.
NBEko organo judizial gorenak Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2022ko abenduan (oraingo erasoaldiaren aurretik) egindako eskaera baten gaineko iritzia eman du gaur, Israelek okupatutako lurralde palestinarretan egiten dituen jarduera eta politikek dituzten ondorio legalei buruz. Nazioarteko Justizia Auzitegiak horren inguruan iritzia emateko eskumena duela adierazi du, Israelen eta beste herrialde aliatu batzuen nahien aurka.
Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ustez, kokaleku israeldarrak eta Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean hari lotutako erregimena "Nazioarteko Zuzenbidea urratuta ezarri ziren eta hura urratzen jarraitzen dute"; lurralde palestinarretan (Gazako Zerrenda barne) Israelen "etengabeko presentzia legez kanpokoa da", epaileen ustez, eta "ahalik eta azkarren" amaitu behar da horrekin. Hala adierazi du Nawaf Salam epaile presidenteak, Auzitegia osatzen duten 15 epaileen gehiengoak adostutako ebazpena irakurri duenean.
Gortearen arabera, Israelen kokaleku-politika pertsonen derrigorrezko desplazamenduei buruzko Genevako Laugarren Konbentzioaren aurkakoa da, eta, bereziki, eremu horretako baliabide naturalen ustiapenari dagokionez, Nazioarteko Zuzenbidearen aurkakoa.
Era berean, Zisjordaniako lurralde okupatuan kolono israeldarrek palestinarren gain indarkeria erabiltzea galarazteko orduan agintari israeldarren "porrot sistematikoa" salatu du Gorteak. Gainera, Gaza 1967an Israelek okupatutako lurraldearen zati dela adierazi du Auzitegiak, eta "Zisjordania eta Jerusalem Ekialdearekin lurralde-batasun bakarra" osatzen duela.
Auzitegiaren esaera zehatzak Israeli
Nazioarteko Justizia Auzitegiak ostiral honetan adierazi duenez, Israelek "legez kanpoko egoera sortzen edo mantentzen duten lege eta neurri guztiak bertan behera utzi behar ditu", izan kokalekuak, izan Palestinako herriaren gaineko "diskriminazio" praktikak edo Palestinako "lurraldeko edozein tokiren konposizio demografikoa aldatzeko saiakerak".
Gainera, Israeli ohartarazi dio "legez kanpoko ekintzek eragindako kalteak guztiz konpontzeko betebeharra" duela, "1967an okupazioa hasi zenetik" palestinarrei kendutako "lurrak eta beste ondasun higiezin batzuk" itzuli beharraz gain.
Era berean, "kolono guztiak kokalekuetatik ateratzea eta Israelek okupatutako lurralde palestinarrean eraikitako harresiaren zatiak eraistea" ere beharrezkotzat jo dute epaileek, baita okupazioan desplazatutako palestinar guztiei jatorrizko bizilekura itzultzen uztea ere".
Netanyahu: "Judu-herria ez da kolono bere lurrean"
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak entzungor egin dio ostiral honetan Nazioarteko Justizia Auzitegiak argitara emandako iritziari. Lehen erantzunean bertan, "zentzugabetzat" jo du ebazpena, eta, ziurtatu duenez, "judu-herria ezin da okupatzaile izan bere lurrean bertan, gure betiereko hiriburu Jerusalem barne, ezta Judean eta Samarian ere, gure herri historikoan", Zisjordaniako zatiari Israelek historikoki emandako izena aipatuz.
"Hagaren ezein iritzi zentzugabek ezin du egia historiko hau ukatu, ez eta israeldarrek euren komunitateetan eta euren arbasoen lurretan bizi ahal izateko eskubidea ere", gaineratu du agintariak.
Israel Katz Israelgo Atzerri Gaitarako ministroaren iritziz, "errealitatetik erabat urrun dagoen iritzi partidista" da Auzitegiarena.
Palestinako Aginte Nazionalak pozik hartu du erabakia
Nazioarteko Justizia Gortearen erabakia "garaipen" gisa ospatu du Palestinako Aginte Nazionalak. Erabakiak Palestinako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea berresten du, horren ustez, batez ere Israelgo Parlamentuak berriki onartutako ebazpenaren ostean, Palestinar Estatua sortzea errefusatzen baitzuen.
Era berean, ebazpen hau Gaza, Zisjordania eta Jerusalem Ekialdea "eraso eta genozidio orokor baten eraginpean" dauden unean heldu dela adierazi du, eta, ondorioz, "kolonialismorik gabeko etorkizun baten itxaropena berritzen du".
Azkenik, beharrezkotzat jo du Israelek "76 urte baino gehiagoz" herri palestinarrak autodeterminaziorako duen eskubidea ukatzeko eta "apartheid eta jazarpen politikak sendotzeko" erabilitako "inpunitate politika" amaitzea.