Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Donald Trumpen aurka egindako erasoa irmo gaitzetsi dute mundu osoko agintariek
Europako Kontseiluko, Batzordeko eta Parlamentuko presidenteek gaitzetsi egin dute erasoa, indarkeriak ez duela "inolako lekurik" politikan, eta demokrazian "erabat onartezina" dela adierazi dute.
Agentziak | EITB MEDIA
Mundu osoko agintariek irmo gaitzetsi dute Donald Trumpen aurkako erasoa, Pennsylvanian, kanpainaurreko ekitaldi batean, hautagai errepublikanoa tirokatu eta bala batek eskuineko belarria urratu ostean.
Erasoa gertatu eta minutu gutxira, irmo gaitzetsi dute erasoa honako agintari hauek: Andres Manuel Lopez Obrador, Mexikoko presidentea; Viktor Orban, Hungariako lehen ministroa; Xiomara Castro, Hondurasko presidentea; Javier Martinez-Acha, Panamako Kanpo Harremanetarako ministroa; Javier Milei, Argentinako presidentea; Luiz Inacio Lula da Silva, Brasilgo presidentea; Nicolas Maduro, Venezuelako presidentea; Bernardo Arevalo, Guatemalako presidentea; Luis Arce, Boliviako estatuburua; eta Luis Abinader, Dominikar Errepublikako presidentea. Guztiek babesa adierazi diote Trumpi, eta azkar sendatzea opa diote.
Halaber, igande honetan agintari gehiagok deitoratu dute gertatutakoa, hala nola Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak, Dick Schoof Herbehereetako lehen ministroak, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, Daniel Noboa Ekuadorko presidenteak, Nayib Bukele El Salvadorko presidenteak eta Gabriel Boric Txileko presidenteak. Era berean, Asiako hegoaldeko agintariek "politikan indarkeria oro" arbuiatu dute, eta Trumpi azkar sendatzea opa diote.
Testuinguru horretan, Joe Biden AEBko presidenteak ere irmo gaitzetsi du bere aurkari errepublikanoaren aurkako atentatua: "Pozten nau salbu dagoela eta ondo dagoela jakiteak. Otoitz egiten ari naiz beragatik, bere familiagatik eta mitin horretan zeuden guztiengatik". "AEBn ez dago lekurik horrelako indarkeria-motarako. Nazio bakar bat bezala elkartu behar gara gertatutakoa gaitzesteko", azpimarratu du.
Barack Obama AEBko presidente ohiak ere komunikatu bat kaleratu du, politikan "gizalegea" bermatzeko beharra azpimarratuz: "Nahiko lasai egon beharko ginateke denak ez delako larri zauritu, eta une hau aprobetxatu beharko genuke gizalegearekiko konpromisoa eta politikarekiko errespetua bermatzeko".
Borrellek eta Guterresek atentatua gaitzetsi dute
Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako goi ordezkariak ere gaitzetsi du Trumpen aurkako atentatua, eta gertatutakoaren aurrean "hunkituta" agertu da. "Gertatutakoarekin hunkituta nago, eta irmo gaitzesten dut Donald Trump AEBko presidente ohiaren aurkako atentatua. Berriro ere, ordezkari politikoen aurkako indarkeria ekintza onartezin baten aurrean gaude", azpimarratu du Borrellek X sare sozialean argitaratutako mezu batean.
Era berean, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak deitoratu egin du Trumpen aurkako atentatua, eta "indarkeria politikoko ekintza" dela esan du. Elkartasuna adierazteaz gain, azkar sendatzea opa dio NBEko idazkari nagusiak Trumpi.
Halaber, Europako Kontseiluko, Batzordeko eta Parlamentuko presidenteek (Charles Michel, Ursula von der Leyen eta Roberta Metsola, hurrenez hurren) gertatutakoa gaitzetsi dute, eta indarkeriak ez duela "inolako lekurik" politikan, eta demokrazian "erabat onartezina" dela azpimarratu dute.
Erreakzio gehiago
Volodímir Zelenski Ukrainako presidenteak elkartasuna adierazi dio Trumpi: "Atsekabetuta nago Donald Trump AEBko presidente ohiaren aurkako tiroketagatik, Pennsylvanian egindako ekitaldi politiko batean. Horrelako ekintza bortitz batek ez du inolako justifikaziorik ezta lekurik ere munduan", adierazi du Zelenskik X sare sozialean zabaldutako mezu batean.
Era berean, Xi Jinping Txinako presidenteak babesa adierazi dio Trumpi ohar bidez: "Txina kezkatuta dago Trump AEBko presidente ohiaren aurkako tiroketarekin. Xi Jinping presidenteak babesa adierazi dio".
"Donald Trumpek Pennsylvanian egindako mitin batean jasandako erasoa gaitzetsi nahi dut", idatzi du X sare sozialean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta indarkeriak zein gorrotoak demokrazian ez dutela lekurik azpimarratu du.
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak, berriz, "moderazioa" eskatu du, eta honakoa gaineratu du: "Desberdin pentsatzen duenarenganako gorrotoa elikatzeak duela ordu batzuk AEBn bizi izandakoaren moduko egoerak eragiten ditu".
Halaber, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiak eta Cristina Fernandez Argentinako presidente ohiak ere babesa adierazi diote Trumpi, eta irmo gaitzetsi dute erasoa.