Mundua -
Frantziako hauteskundeak
214 hautagaik bigarren itzuliari uko egin diote ultraeskuinaren gehiengo absolutua eragozten saiatzeko
Gutxienez ezkerreko 130 hautagaik uko egin dute, 82 makronistak eta eskuin tradizionaleko bik. Ipar Euskal Herrian, bi barrutitan (4.ean eta 6.ean) hiruna hautagaitza izango dira; soilik bakarrean, bosgarren barrutian, erretiratu delako Lasserre macronista.
EITB Media
Hainbat alderditako 200 hautagaik baino gehiagok uko egin diote Frantziako hauteskundeetako bigarren itzulian parte hartzeari, botoa sakabanatzea eragozteko eta Bilgune Nazionala (RN) eskuin muturreko indarrak gehiengo osoa lortzea saihesteko.
Hautagaitzak formalizatzeko epea gaur amaitu da, eta epea agortu ostean 218 hautagaik uko egin dute. Ondorioz, igandean erabakitzen diren 502 barrutietatik 91tan hiru hautagai lehiatuko dira, eta beste bitan lau.
Uko egite gehienak Elkarrekin Errepublika alderdiko, Emmanuel Macron presidentearen zentro-eskuineko aliantzako eta ezkerreko Fronte Popular Berriko (NFP) hautagaienak izan dira, barruti horietako bakoitzean aurkari bakarra izateko.
Gutxienez ezkerreko 130 hautagaik uko egin dute, 82 makronistak, eskuin tradizionaleko bik eta RNko hiruk (azken horiek hobeto kokatuta dagoen hurbileko hautagai bat babesteko).
Bigarren itzulian RNk gehiengo absolutua (289 diputatu) ez lortzea da helburua, joan den igandeko lehen itzulian alderdi ultraeskuindarrak eta bere aliatuek garaipen historikoa erdietsi ostean, botoen % 33,15 eskuratuta.
Hautagaitzak aurkezteko epea bi eguneko negoziazio gogorren ondoren itxi da, gorabehera askorekin; izan ere, makronismoaren sektore eskuindarreneko hainbat pertsona nabarmenek (Edouard Philippe lehen ministro ohiak edo Bruno Le Maire Ekonomia ministroak, esaterako) ez zuten Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoko (LFI) hautagaien garaipena erraztu nahi.
Marine Le Pen Frantziako eskuin muturreko buruzagiak Emmanuel Macron presidenteari "administrazio-kolpe moduko bat" prestatzea leporatu dio gaur, Gobernura iritsiz gero eskuak libre izatea eragozteko, azken orduko dozenaka izendapen egingo dituela dioten "zurrumurruetan" oinarrituta.
Frantzian ezkerreko Fronte Popularra (NFP) osatzen duten alderdiek kontraesanetan erortzea leporatu diote Macronen alderdiari, bigarren itzulian ultraeskuinari mesede egingo diotenak.
Ipar Euskal Herrian, bi barrutitan hiruna hautagaitza
Ipar Euskal Herrian, azken orduko ezustekorik ezean, bi barrutitan (laugarrenean eta seigarrenean) hiruna hautagaitza izango dira. Soilik bakarrean, bosgarren barrutian, erretiratu da Lasserre macronista.
Horrelaa, Florence Lasserre Ensemble koalizioko hautagaia ez da Frantziako Asanblea Nazionalerako bozen bigarren itzulian aurkeztuko, Pirinio Atlantikoetako bosgarren barrutian. Emmanuel Macron presidentearen deiari erantzunez, diputatu zentristak hautagaitza atzera bota du, eta ezkerraren eta eskuin muturraren aukerak besterik ez dira egongo Baionako barrutian.
Laserrek boten % 26 bildu zituen lehen itzulian, eta baldintza guztiak betetzen zituen bigarren itzulian egoteko, Fronte Popular Berriko Colette Capdevielleren (% 32) eta RN Batasun Nazionaleko Serge Rossoren (% 27) atzetik. Hala ere, ultraeskuinaren garaipena saihesteko helburuarekin, atzera egitea erabaki du, edozein kasutan, botoa emateko kontsignarik eman gabe.
Ipar Euskal Herriko beste bi barrutietan ere hiruna hautagai lortu zuten bigarren itzulian egoteko eskubidea. Seigarren barrutian, Lapurdiko kostaldekoa, Peio Dufau ezkertiarrak irabazi zuen (% 29), eta Ensemble koalizioko Christian Deveze bigarren izan zen (% 26). Dufauk ohartarazi zuenez, Macronen hautagaitza mantentzen bada, hirugarren postuan dagoen Victor Lastecoueres ultraeskuindarra (% 25) gailentzeko "arriskua" dago.
Bestelakoa da egoera laugarren barrutian, barnealdean. Hor ere ezkerreko hautagaia gailendu zen (Iñaki Etxaniz, % 38), eta bigarren bozkatuena RNko Sylviane Lopez (% 25) izan zen. Jean Lasalle eskuindarra izan zen hirugarrena, % 18rekin.