Mundua -
Gaza, erasopean
Israelek Gazaren aurkako erasoekin jarraitzen du, eta 46 lagun hil ditu azken orduetan
Urriaren 7tik hildako palestinarrak 36.000 dira jada, eta 80.000tik gora dira zaurituak. Israelek dio "talde terrorista bat desagerrarazi" duela Rafahn, eta "dozenaka terrorista" akabatu dituela Jabalian.
Agentziak | EITB Media
Gazako Zerrendako osasun agintariek ostiral honetan jakitera eman dutenez, dagoeneko 35.903 pertsona hil eta 80.420 zauritu dira urriaren 7ko Hamasen erasoei erantzuteko Israelgo Armadak Zerrendaren aurka abiatutako erasoaldi bortitzaren ondorioz.
Datu horiek aldakorrak dira gainera; izan ere, Zerrendako Osasun Ministerioak berriro gogorarazi du ehunka biktima daudela oraindik hondakin artean eta gorpu asko daudela bazterretan, ezinezko zaielako larrialdietako taldeei horiek jasotzea, Israelgo tropek ezarritako blokeoengatik.
Biktimen azken eguneratzearen arabera, 46 pertsona hil eta 103 zauritu ditu Israelek erasoetan azken 24 orduetan. Era berean, bost familia palestinarren kontra egindako sarraskia salatu dute.
Bitartean, Israelek dio ez dela zibilen kontra ari, "terroristen" aurka baizik, eta, Indar Armatuen 98. Dibisioak jakinarazi duenez, azken orduetan "dozenaka terrorista" hil ditu Jabalia eskualdean, Gazako Zerrendaren iparraldean.
Hegoaldean, Rafah hirian, soldadu israeldarren aurka tiro egin zuen "komando terrorista bat desagerrarazi" dutela adierazi dute. Erasoaren inguruak miatu dituzte Hamas "erakunde terroristaren" armamentua eta azpiegiturak bilatzeko, eta taldearen babeslekuak aurkitu eta suntsitu dituztela esan dute, armamentu eta lehergai ugarirekin batera.
Rafahren aurkako erasoaldia maiatzaren 6an abiatu zen, Hamasek Egiptok eta Qatarrek aurkeztutako akordio-proposamen bat onartu eta biharamunean, Israelgo agintariek ez baitzuten ontzat eman akordio hori.
Israelgo operazio militarrek aukera eman zioten Armadari maiatzaren 7an mugako pasabidearen alde palestinarra kontrolatzeko, eta laguntza humanitarioaren sarrera blokeatu zuen. Erabaki horrek alarmak pitzarazi zituen nazioartean, Gazako krisi humanitarioa areagotzeko beldur.
Ostiralean, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Gazako operazio militarrak berehala eteteko agindu zion Israeli, Armada ez baitu gai ikusten palestinarren segurtasuna bermatzeko, ezta azken erasoaldiak behartuta euren etxetik alde egin behar izan duten ehunka mila desplazatuen segurtasuna bermatzeko ere.