Mundua -
Gaza, erasopean
Israelek ukatu egin du Gazan genozidioa gertatzen ari dela eta defendatzeko eskubidea aldarrikatu du
Gilad Noam Israelgo ordezkariak Hagako Nazioarteko Auzitegiari eskatu dio atzera bota ditzala Hego Afrikak eskatu dituen kautelazko neurri gehigarriak. Halaber, genozidioaren "parodia" egitea leporatu dio Hego Afrikari.
Agentziak | EiTB Media
Gaur Israelen txanda izan da Hagako Nazioarteko Auzitegian. Atzoko saioan, Hego Afrikak auzitegiari eskatu zion Israeli "argi eta garbi" exjitzea operazio militarrak bertan behera utz ditzan.
Aurreikusi bezala, Israelek kautelazko neurri gehigarrien beharraren kontrako argudioak eman ditu. Gilad Noam ordezkari israeldarrak Nazioarteko Justizia Auzitegian ukatu egin du Israel genozidioa egiten ari dela eta Hegoafrikari "parodia" egitea leporatu dio.
Gazan gertatzen ari dena "gerra tragikoa da, baina ez genozidioa", nabarmendu du Hagako Auzitegiaren aurrean. Noamek salatu du Hego Afrika laugarrenez auzitegian agertu izana, eta errealitatea desitxuratzea aurpegiratu dio.
Israelen arabera, Rafah Hamasen "gotorlekua" eta "jarduera terroristaren epizentroa" da, eta testuinguru horretan erasoaldiaren beharra defendatu du. Noamek azaldu duenez, Israel erasopean dago eta bere burua defendatzen ari da.
Halaber, Gazan su etena eskatuta "Hamas alituarentzat abantaila militarra" lortu nahi du izatea aurpegiratu dio Hego Afrikari.
Gerrako legeak urratzea leporatzen diotenen aurrean, gatazka armatu batean urraketak ohikoak direla onartu du. "Ez da Israelen errealitatea bakarrik", uste baitu ez dagoela hutsik gabeko Estaturik.
Edozein kasutan, Israelek nazioarteko betebeharrekin konprometituta jarraitzen duela azpimarratu du.
Bestalde, Tamar Kaplan Tourgeman Israelgo Atzerri Ministerioaren aholkulariak ukatu egin du Israelek Rafah eta Kerem Shalomeko mugako bi pasabideak itxi izana. Gainera, laguntza humanitarioa Kerem Shalometik sartzen ari dela esan du.