Mundua -

Gaza, erasopean

Israelek Gazaren aurkako erasoaldiarekin jarraitzen du, Irani nola erantzungo dion zehazten ez duen bitartean

Israelgo Gobernuaren bozeramaileak ez du argi erantzun nahi izan Israelek Iranen aurkako eraso militar bati uko egitea onartu ote duen, Rafahren aurkako eraso bat egiteko baimena lortzearen truke. Hala ere, Armada hirian sartuko dela berretsi du, "Hamasekin amaitzeko".

Israelgo soldadu bat mortero bat jaurtitzen. Argazkia: EFE
Israelgo soldadu bat mortero bat jaurtitzen. Argazkia: EFE
Israelgo soldadu bat mortero bat jaurtitzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldiarekin jarraitzen du; dagoeneko 34.000 pertsona inguru hil ditu, gehienak emakumeak eta haurrak. Bien bitartean, ziurgabetasuna da nagusi Israelek Irani zelan erantzungo dionaren harira, Teheranek Tel Aviven kontra eraso egin ostean.

Gazatarren Osasun Ministerioak ostegun honetan iragarri duenez, 195 eguneko gerraren ostean 33.970 pertsona hil dira Zerrendan, eta 76.770 zauritu. Hala ere, Hamaseko Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hildakoen eta desagertutakoen artean 40 970 daude.

Bien bitartean, Israelgo agintariek Teherani militarki erantzuteko beharra behin eta berriz mahaigaineratu duten arren, oraindik ez dira ezagutzen erantzunaren xehetasunak edo aukerak.

Asteazkenean, Jerusalemgo bulegoan David Cameron Erresuma Batuko Atzerri ministroarekin eta Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroarekin bildu ostean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak argi utzi nahi izan zuen inork ez ziola aginduko Iranen erasoari nola erantzun.

Ildo horretan, Israelgo Gobernuaren bozeramaileak berriro esan du Israelek bere erabakiak hartuko dituela, kanpoko presioak alde batera utzita, eta "orain lehen ministroaren eta Gerra Kabinetearen esku dago noiz eta nola erantzun erabakitzea".

Horren ondorioekin kezkatuta, Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburuek "moderazio handienerako" deia egin zuten asteazkenean, Iranen erasoaren ostean, eskualdeko tentsioak zabaltzea saihesteko, eta, era berean, Gazan berehalako su-etena eskatu zuten.

Oraingoz, AEBek babes osoa eman diote Israeli, eta Joe Biden presidenteak Irani zigor gehiago jarriko dizkiola iragarri du ostegun honetan, Guardia Iraultzailearen eta Defentsa Ministerioaren aurka, hain zuzen.

Israel, Rafahn sartzeko prest

Israelgo Gobernuaren bozeramaileak ez du argi erantzun nahi izan kazetari batek galdetu dionean Israelek Iranen aurkako eraso militar bati uko egitea onartu duela, Rafahren aurkako erasoaldia egiteko baimena lortzearen truke. Hala ere, Armada hara sartuko dela berretsi du, "Rafahn mantentzen diren Hamaseko lau batailoiekin amaitzeko".

Rafah Gazako hegoaldean dago, eta 1,4 milioi palestinar, gehienak desplazatuak, bizi dira han.

Erreakzioak

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak berretsi du alde guztiek, baita Israelek ere, eutsi egin behar diotela Iranek asteburuan egindako erasoaren ondoren, eta nabarmendu du beharrezkoa dela Gazan su-etena ezartzea. "Uste dugu alde guztiak animatu behar direla, Israel barne, moderazioa erakuts dezaten eta ez dezaten erreakzionatu, beste eskalada bat izateko arriskua egon daitekeelako", adierazi du Michelek prentsaurreko batean, hogeita zazpi herrialdeetako buruzagien bi eguneko goi-bilera baten amaieran.

Azaldu duenez, ikuspuntu estrategiko batetik, estatu kideek uste dute "oso garrantzitsua" dela "Iran politikoki eta diplomatikoki isolatzea, eta inguruko herrialdeekin konpromisoa hartzea".

Bestalde, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak adierazi duenez, "ziur nago ona izango dela Israelek defentsa arrakastatsu honek eragindako garaipen handi hau arriskuan ez jartzea, Iranen aurkako erreakzioaren baten bidez".

Irango politika nuklearrari dagokionez, Scholzek esan du "etengabe kezkatzen gaituela" eta "ahal den guztia" egin beharko dela "lortu nahi diren planak aurrera eraman ez daitezen".

Ildo horretan, David Cameron Erresuma Batuko Atzerri ministroak uste du mendebaldeko herrialdeek ez ezik, beste herrialde askok ere "oso jarrera argia" dutela nuklearren areagotze ezaren inguruan, eta ez dutela onartzen Iranek arma atomikoak eskuratzea. Londresek Energia Atomikoaren Agentziarekin (IAEA) elkarlanean dihardu horretarako.

Bestalde, Ahmad Haghtalab Irango Guardia Iraultzailearen komandanteak ohartarazi du, Israelek herrialdeko instalazio nuklearrei eraso egingo diela mehatxu eginez gero, Teheranek "berrikusi" egin dezakeela bere doktrina nuklearra: "Erregimen sionista faltsuak gure herrialdeko zentro nuklearrei eraso egiteko mehatxua erabili nahi badu presio tresna gisa, posible eta ulergarria da Iranen doktrina eta politika nuklearrak berrikustea, iraganean iragarritakoetatik aldentzeko".

Irango buruzagi gorenak, Ali Jamenei aiatolak, azken hitza du Iranen programa nuklearrari buruz, baina askotan adierazi du Teheranek ez duela aurreikusten suntsipen handiko armak dituen programa bat garatzea, AEBek, Israelek eta beste herrialde batzuek susmatzen duten bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna David Cameron bideoak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Palestina Scholz kantzilerra Ekialde Hurbila gaur