Mundua -

Gaza erasopean

Israelek Sanchezi: "Palestinako Estatua aitortzea terrorismoa saritzea litzateke"

Lior Haiat Israelgo Atzerri ministroak Sanchez kritikatu du eta ostiralean Espainiak, Irlandak, Maltak eta Esloveniak sinatutako adierazpena jomugan jarri. Lau herrialdeak Palestinaren aitortza egiteko prest azaldu ziren.

Sanchez Antonio Guterres eta Robert Golob Esloveniako lehen ministroarekin berba egiten. EFE
Sanchez Antonio Guterres eta Robert Golob Esloveniako lehen ministroarekin berba egiten.
Sanchez Antonio Guterres eta Robert Golob Esloveniako lehen ministroarekin berba egiten. EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Atzerri Ministerioak gogor egin du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen kontra, azken horrek Palestinako Estatua aitortzeko asmoa agertu eta gero. Tel Aviven arabera, hori egitea "terrorismoa saritzea da". 

"Urriaren 7ko sarraskiaren ostean halako aitortza bat egiteak Hamasi eta Palestinako gainerako erakunde terroristei mezu jakin bat bidaltzen die, israeldarren kontrako eraso terrorista hiltzaileak palestinarren aldeko keinu politikoekin sarituko direla", adierazi du Lior Haiat Atzerri Ministerioko bozeramaileak izenpetutako ohar batek. 

Sanchezek martxo hasieran esan zuen legealdi honetan Palestinako Estatuari aitortza egingo ziola. Gainera, ostiralean Irlandako, Maltako eta Esloveniako lehen ministroekin bildu zen Bruselan, eta ondoren adierazpen bateratua atera zuten laurek "Palestina aitortzeko prest" zeudela esanez. 

Israelgo bozeramailearen aburuz, "Palestinako terrorismoaren aurka borrokatzeko modu bakarra Hamas gaitzestea da urriaren 7an egin zituen eta egiten jarraitzen dituen gerra krimen eta gizateriaren kontrako krimenengatik, eta hark bahitutako guztiak aske uzteko eskatzea".

"Bi aldeen arteko negoziazioekin konponduko da gatazka", erantsi dute agirian. Horren ildoan, eta Israelen ustez, Europako hainbat herrialdek azaldutako asmoak "gatazka urrundu eta eskualdean ezegonkortasuna areagotu baino ez du egingo".

Europar Batasuneko bederatzi herrialdek diote aitortuta Estatu izaera Palestinari: Bulgaria, Zipre, Eslovakia, Hungaria, Malta, Polonia, Txekiar Errepublika eta Errumania. Denek 1988an egin zuten aitortza. XXI. mendean, zehazki 2014an, Suediak eman zuen pausoa. Halaber, beste 13k (tartean Espainia) bulego diplomatikoa dute Ekialdeko Jerusalemen edo Ramallahn. 

Espainia "herrialde subiranoa" dela erantzun dio Espainiako Gobernuak Israeli, erabakiak Nazioarteko Zuzenbidearen arabera hartzen dituena

Espainiako Gobernuak Israelek egindako kritikei erantzun die, Espainia "herrialde subiranoa" dela eta bere erabaki guztiak Nazioarteko Zuzenbideak ezarritakoaren arabera hartzen dituela adieraziz. Gogorarazi duenez, Espainiako Gobernuak "behin eta berriz eta irmotasun osoz gaitzetsi ditu Hamasen atentatu terroristak, eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespetatzeko deia egin du".

Halaber, iturriek argi utzi nahi izan dute "Israel Espainiaren lagun den herrialdea" dela, eta berretsi dute Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari dagokion guztian "Espainiak bakea, egonkortasuna eta segurtasuna sustatzeko soilik" jarduten duela.

Jordanian eta Egipton egin berri duen biran, Jose Manuel Albares Atzerri ministroak adierazi du legegintzaldi honetan Palestina aitortzeko asmoa, Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak adierazitakoa, Israelen onerako ere badela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak gaur Benjamin Netanyahu Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?