Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Zelenskik ukatu egin du Ukrainak Moskuko atentatuan zerikusirik izatea
FSB Errusiako agentziak ikerketa abiatu du, susmagarriak Ukrainara bidean zihoazela eta han "kontaktu garrantzitsuak" zituztela iritzita.
agentziak | eitb media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ukatu egin du Kievek Moskuko atentatuarekin zerikusirik izatea, Vladimir Putin Errusiako presidenteak iradokitakoari erantzunez.
"Atzo Moskun gertatutakoaren ostean, Putin eta gainerako sasikumeak errua besteei egozten saiatzen ari dira, noski", salatu du Zelenskik gauero ematen duen hitzaldian. Moskuk beti metodo bera erabiltzen duela eta "beti errua besteei" egozten diela kritikatu du.
Agintari ukrainarrak egun oso batez isilik egotea aurpegiratu dio "Putin ezdeusari", atentatu batean 133 errusiar hil ostean ez dela bere herritarrez arduratu, alegia.
Horren ordez, Putinek "kontu hau Ukrainara nola eraman" pentsatu zuela gaitzetsi du Zelenskik, eta Errusiako presidenteari ez zaiola axola "bere herrialdearen barruan zer gertatzen den".
Putinek Moskuko atentatuari "zantzu ukrainarra" atzematen diotela adierazi ostean iritsi dira Zelenskiren adierazpenak. FSB Errusiako agentziak ikerketa abiatu du, susmagarriak Ukrainara bidean zihoazela eta han "kontaktu garrantzitsuak" zituztela iritzita.