Mundua -

ATENTATUA ERRUSIAN

133 hildako, 120 zauritu eta 11 atxilotu, Estatu Islamikoak Moskun egindako atentatuarekin lotuta

Atentatuaren egileak Ukrainara ihes egiten saiatu direla esan du gaur Putinek, eta mendekua agindu du: "Gobernuak eraso terrorista prestatu zuten guztiak identifikatuko ditu". Poliziak 11 pertsona atxilotu ditu atentatuarekin lotura dutelakoan.

Birrinduta geratu da Moskuko Crocus City Hall aretoa. Argazkia: EFE
Birrinduta geratu da Moskuko Crocus City Hall aretoa. Argazkia: EFE
Birrinduta geratu da Moskuko Crocus City Hall aretoa. Argazkia: EFE

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jantzi militarrak zeramatzaten zenbait pertsona tiroka hasi ziren ostiralean Moskuko kontzertu areto batean, eta gutxienez 133 pertsona hil eta 120 baino gehiago zauritu zituzten, horietako batzuk oso larri, Errusiako iturri ofizialen arabera. Bi eztanda entzun ziren, eta sutea piztu zen bertan. Biktima batzuk sutearen ondorioz itota hil ziren, eta zaurituen kopurua eta egoera ikusita, litekeena da hildakoen kopuruak gora egitea orduek aurrera egin ahala.

Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, Telegram bidez zabaldutako mezu batean.

Segurtasun indar bereziek eraikina hustea lortu zuten erasoaren ondoren, eta ustezko bost erasotzaileak atxilotzeko operazioa jarri zuten martxan. Operazio horren baitan, erasoaren egile zuzenak liratekeen lau pertsona atxilotu dituzte. Segurtasun Zerbitzu Federalak (FSB) jakitera eman duenez, orotora hamaika pertsona atxilotu dituzte atentatuarekin lotuta, eta tartean daude sarraskian parte hartu dutelakoan atxilotutako laurak, Aleksandr Bortnikov FSBren zuzendariak Vladimir Putin Errusiako presidenteari jakinarazi dionez.

Atzemandako autoetako batean Tajikistango pasaporteak aurkitu dituztela ere zabaldu du TASS albiste-agentziak.

Atentatugileek ustez erabilitako autoa. Agentzien bideo batetik hartutako irudia

Erasotzaileak Errusiako Jaroslavl, Ivanovo eta Samara eskualdeetan bizi diren bost gizon lirateke, 19, 21, 29, 37 eta 51 urtekoak, Errusiako informazio iturrien arabera. Shot eta Baza kanalek horien izenak argitaratu dituzte, baita horietako baten atxiloketaren bideo bat ere.

Hala ere, Tajikistango Barne Ministerioak gezurtatu egin du ustezko terroristatzat jotako bi herritarrek erasoan parte hartu izana.

Errusiako agintariek erasoa ikertzen jarraitzen dute.

Zaurituak

Eztanden ondoren, sutea hasi, eta eraikinaren herena kiskali zen. Suhiltzaileek eraikinean gordeta zeuden 100 bat pertsona erreskatatu zituzten.

RT kateak zabaldu duenez, gutxienez 120 pertsona daude ospitalean atentatuarekin lotuta: 115 heldu (60 larri daude) eta 5 haur (bat larri dago). Zaurituak Krasnogorsk, Khimki, Dolgoprudny eta Odintsovoko ospitaleetara eraman zituzten.

Hondakinen artean biktima gehiago topatuko dituztela uste dute agintariek.

Bi militar erasoa izan den eraikina ikuskatzen. Argazkia: EFE

Moskuko Udalak bertan behera utzi ditu asteburuan egitekoak ziren ekitaldi jendetsu guztiak, eta hiriburuko aireportuetan zorroztu egin dituzte segurtasun neurriak.

Putinek "mendekua" iragarri du

Vladimir Putin Errusiako presidenteak agerraldia egin du larunbat honetan, eta Moskuko Crocus City Hall kontzetu aretoan izandako atentatuaren lau egile materialak atxilotu dituztela baieztatu du.

Kremlinen webguneak argitaratutako bideo batean, "ekintza terrorista, odoltsua eta barbaroa" salatu du Putinek, eta segurtasun indarren, erreskate zerbitzuen eta bizirik atera zirenei lagundu zieten herritarren lana txalotu du. Atentatuaren egileak Ukrainara ihes egiten saiatu direla ere esan du, eta mendekua agindu du: "Gobernuak eraso terrorista prestatu zuten guztiak identifikatuko ditu".

"Gure mina benetan partekatzen duten eta etsai komuna den nazioarteko terrorismoaren kontra, bere adierazpide guztietan, elkarrekin egiteko prestasuna duten herrialdeen laguntza espero dugu", gaineratu du. 

Ukrainako Gobernuak, berriz, ukatu egin du erasoarekin loturarik izatea. "Ukrainak ez du zerikusirik tiroketarekin; ez luke zentzurik", esan du Mikhailo Podoliak Kieveko Gobernuko presidentearen aholkulari nagusiak X sare sozialean.

"Nahiz eta horrelako eraso terrorista jasan zezaketela ohartarazi zion munduak Errusiako Federazioari, Vladimir Putinen erregimenak ez du ezer egin hori saihesteko edo  inplikatuta dago", gehitu du ordu batzuk geroago Andrii Jusov Ukrainako Inteligentzia Militarreko (GUR) zuzendariak telebistan.

Tamaina honetako azken atentatua 2011n gertatu zen Moskun. Orduan, bonba-auto batek 37 pertsona hil eta 172 zauritu zituen Domodedovo aireportuan.

Estatu Islamikoak (EI) bere gain 15 eraso hartu ditu Errusian, 2015 eta 2019 artean. Ostiralekoa izan da larriena.

Washingtonen ohartarazpena

Washingtonek duela bi aste ohartarazi zion Moskuri ekitaldi jendetsuen aurkako eraso terrorista izateko arriskua zegoela, eta jende pilaketak saihesteko aholkatu zien estatubatuarrei. 

John Kirby AEBko Segurtasun Nazionaleko bozeramaileak babesa helarazi die biktimei, eta adierazi du ez dagoela Ukrainak erasoan parte hartu duela pentsatzeko zantzurik.

Errusiaren esanetan, AEBk gertakariaren inguruko informazioa balu, Kremlinekin partekatu beharko luke berehala, eta Washingtoni leporatu dio beste herrialde baten errugabetasunean jartzea arreta beste ezeren gainetik.

Estatu Islamikoak Moskun egindako atentatu terrorista irmo gaitzetsi dute Europan eta mundu osoan

Estatu Islamikoaren eraso hau irmo gaitzetsi dute Nazio Batuen Erakundeak eta Europar Batasunak, baita AEBek, zein nazioarteko herrialde gehienek ere. Erasoa "irmo" kondenatu du Iranek, eta antzera mintzatu dira Japonia, Afganistan, India, Argentina, Nikaragua, Honduras, Mali, Paraguai, Brasil, Maroko, Mexiko, Kolonbia, Bolivia, Portugal, Venezuela, ALBA (Aliantza Bolivartarra), Armenia, Azerbaijan, Georgia, Turkia, Mauritania, Belgika, Serbia, Alemania, Afrikako Batasuna, Herbehereak, Luxenburgo, Hego Korea, Txina, Hungaria, Italia eta Paraguai, besteak beste.

Espainiako Gobernuak ere doluminak eman dizkie Errusiako atentatuaren biktimei, eta "edozein indarkeria mota" errefusatu du.

Israelen zen Hamasek ordezkariek ere babesa eta dolumina helarazio diote Errusiari.

ARGAZKI GALERIA: ISIS-EN ATENTATUA MOSKUN

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mosku Errusia Vladímir Putin bideoak Atentatuak Estatu islamiarra berriak Eguneko albisteak Albisteak