Mundua -

Gazako zerrenda

Lehorreratu dituzte Gazan 'Open Arms' ontziak zeramatzan elikagaiak

Azken orduetan, gora egin du hildakoen (31.553) eta zauritutakoen (73.546) kopuruak. Gainera, UNICEFek ohartarazi du bi urtetik beherako hiru haurretik batek desnutrizio handia daukala.

Lehorreratu dituzte Gazan 'Open Arms' ontziak zeramatzan elikagaiak. Argazkia: EFE
Lehorreratu dituzte Gazan 'Open Arms' ontziak zeramatzan elikagaiak
Lehorreratu dituzte Gazan 'Open Arms' ontziak zeramatzan elikagaiak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Open Arms ontziak deskargatu ditu dagoeneko Gazako kostaldera eramandako elikagaiak. Horrekin batera elkarlanean aritu den World Central Kitchen gobernuz kanpoko erakundeak azaldu duenez, behin elikagaiak deskargatuta, banatzeari ekingo diote.

Iragan asteartean atera zen Larnakako (Zipre) portutik ontzia, eta atzo heldu zen Gazako Zerrendara, itsas korridore bat eratzeko asmoarekin.

Lehen saioa ondo joan dela ikusita, bigarren bidalketa bat prestatzen ari dira. Oraingoz, baina, ez dute argitu noiz irtengo den berriro ontzia, nahiz eta aurreratu duten 240 tona jaki eramango dituztela.

Alemania ere laguntza bidaltzen hasi da

Luftwaffe Alemaniako Aire Armadak gaur bidali du airez lehen kargamentua, Israelek erasoaldia abiatu zuenetik sei hilabete bete direnean.

Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez, jausgailuak erabili dituzte laguntza Gazako Zerrendara helarazteko.

2 urtetik beherako hiru umetik batek desnutrizioa dauka

Gazan bizi diren bi urtez azpiko hiru umetik batek (% 31) desnutrizio handia dauka, UNICEFek jakitera eman duenez. Otsaileko datuak dira horiek, eta urtarrilekoak baino askoz okerragoak dira, adin horretako umeen % 15,6k baitzuten orduan desnutrizio handia.

Iturri horren arabera, 23 haur hil ditu goseak eta egarriak azken asteotan. Guztira, 13.450 ume zendu dira Gazako Zerrendan Israelek erasoaldia hasi zuenetik.

Guztira, 31.500 pertsona hil dira

"Azken orduetan, gainera, nabarmen egin du gora bertan hil diren pertsonen kopuruak (31.553), baita zaurituenak ere (73.546)", esan du Hamasen esku dagoen Osasun Ministerioak.

"Israelen okupazioak zazpi familia hil ditu: 63 martiri eta 112 zauritu, 24 orduan", adierazi du ohar baten bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Gosetea Gobernuz Kanpoko Erakundeak Ekialde Hurbileko albisteak Hamas