Mundua -

ESTATU BATUAK

AEBko Auzitegi Gorenak astelehen honetan eman dezake Trumpen hautagarritasunaren inguruko epaia

New York Times, CNN edo CBS News egunkarien arabera, Coloradoko hauteskunde primarioetarako hautagai izan daitekeen edo ez ebatzi lezake astelehenean Gorenak, hauteskundeen dinamikan zeresan handia izango lukeen erabakia.

Donald Trump azken kanpaina ekitaldian. Argazkia: EFE
Donald Trump azken kanpaina ekitaldian. Argazkia: EFE
Donald Trump azken kanpaina ekitaldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak igande honetan iragarri duenez, entzun dituen azken kasuei buruzko, gutxienez, erabaki bat argitaratuko du. Ez du esan zein kasuren inguruko ebazpena eman dezakeen, baina azken aldiko horietan dago Donald Trump presidente ohiaren (2017-2021) hautagarritasunari buruzko eztabaida.

New York Times, CNN edo CBS News egunkarien arabera, "seinale indartsuak" daude Coloradoko hauteskunde primarioetarako ezarri dioten betoaren inguruko erabakia izango ote den.

Gorenak iragarri duenez, epaia 10:00etatik aurrera argitaratuko du (15:00 GMT).

New York Times-en arabera, ez zegoen aurreikusita epaileak martxoaren 15era arte epaitegira itzultzea, eta, beraz, "hauteskunde-egutegiak eragina izan dezake" auzitegiaren jardunean.

Izan ere, Coloradoko Alderdi Errepublikanoak martxoaren 5ean egingo den 'superasteartea' baino lehen erabaki bat hartzeko eskatu zion AEBko Auzitegi Gorenari. 15 estatuk hauteskunde primarioak egingo dituzte egun horretan, Coloradok, besteak beste, baina han bere errepublikanoen primarioetatik kanpora utzi zuten epaitegiek, 2021eko urtarrileko Kapitolioko erasoan izandako paperagatik. Gauza bera erabaki zuten Mainen eta Illinoisen ere.

Erabaki horiek guztiak Auzitegi Gorenaren aurrean errekurritu zituzten errepublikanoek, eta Coloradori buruzko erabakiak, ziurrenik, antzeko gainerako kasuetan aurrekaria ezartzeko balioko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Epaiketak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hautagaiak